Errekako jubenil mailako bi bikote azpitxapeldun izan dira Nafarroako Kirol Jolasetan

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 2a

Zizurko lau terdiko txapelketako finalerdiak ere jokatu zituzten

Joan den larunbatean, Nafarroako Kirol Jolasetako jubenil mailetako finalak jokatu zituzten Errekako bi bikotek eta biek galdu egin zuten hondar partida. Lehen mailako jubeniletan, Labriten jokatutako finalean, Gaizka Bendoiro eratsundarrak eta Imanol Juanena urroztarrak 10 eta 22 galdu zuten Olaztiko Sutegiko Mayo eta Arañarekin. Bigaren mailako jubeniletan, Burlatan jokatu zen finalean 13 eta 22 galdu zuten Irail Zestau doneztebarrak eta Xabier Carrion lesakarrak, Lodosako Ramirez eta Ruizen kontra.

Zizurko lau terdiko txapelketako finalerdiak

Zizurko lau terdiko txapelketan finalerdiak jokatu ziren joan den aste hondarrean. Benjamin mailan, Errekako Iker Salaberria goizuetarrak 16 eta 12 irabazi zion Azpeitiako Ilunpeko Alberdiri. Larunbatean, Oberenako Mariezkurrenaren kontra jokatuko du finala Salaberriak. Jubenil mailan, Gaizka Bendoiro eratsundarra 11 eta 18 galdu zuen Txarutako Antton Jauregirekin eta baztandarrak Uharteko Eñaut Iraolaren kontra jokatuko du finala. Senior mailan, Joseba Madariaga aranztarra izan behar zen Errekako ordezkaria finalaurrekoan, baina azken orduan GRAVN txapelketako partida jokatzeko deitu zuten. Bere ordez Imanol Baleztena aritu zen eta ustegabekoa ederra eman zuen, Ardoiko Iriarteri 18 eta 17 irabazi baitzion, 9-16 galtzen joan ondotik. Baleztenak Txarutako Patxi Barberena izanen du kontrario finalean.

Itziarko lau terdiko txapelketa

Errekako jubenil mailako pilotariek Itziar aldera ere joan ziren asteburuan, lau terdiko txapelketan parte hartzera. Unai Madariaga urroztarrak 22 eta 7 irabazi zion Itziarko Albisuri. Beñat Oronoz lesakarrak ere garaipen handia lortu zuen, 22-5 irabazi baitzion Zugarraldeko Juanenari. Mikel Campo iturendarrak, aldiz, 19 eta 22 galdu zuen Zugarraldeko Zabalzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun