Izokin arrantza denboraldia apirilaren 1ean ireki da

ttipi-ttapa 2009ko apirilaren 1a

Izokin arrantzaleak hasiak dira erreka bazterretan miatzen. TTIPI TTAPA

Lehen aldiz astegunez egin dela eta kexu daude arrantzaleak

Izokin arrantza denboraldia apirilarekin batera hasi da aurtengoan. Asteazkena izaki, eta ez igandea urtetan egin den bezala, arrantzale guttiago hurbildu dira Bidasoa bazterretara, “lehenbizikoa” arrantzatzeko asmoarekin. Lehenbiziko amoarrain hori bakarrik saltzen ahal da, araudiaren arabera eta horrek ematen duen diruaz gain, halako ospe bat ematen dio arrantzatzen duenari. Jose Mari Otamendi, Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko presidenteak ez du ulertzen lehenbiziko arrantza eguna astegunera pasatzea. Gainera, hasiera batean martxoko lehen igandean egiten zen, gero hirugarrenean eta orain apirilera gibeleratu dutela eta kexu zen.

Uztailaren 19a edo hirurogeigarrena arrantzatu arte

Beraz, apirilaren 1etik hasi eta uztailaren 19ra arte zabalik izanen da izokin arrantza denboraldia, beti ere aitzinetik 60 izokin arrantzatzen ez badira. Hirurogeigarrena arrantzatuko balitz, orduan itxiko litzateke denboraldia. Arrantzatzen diren izokinek 40 zentimetro luze izan beharko dute guttienez eta arrantazle bakoitzak kainabera bakarra eraman dezake eta eguneko izokin bat hartu gehienez. Bertzeren bat putzu berean txanda esperoan baldin badago, gehienez 20 minutu izanen ditu arrantzaleak leku horretan arrantzatzeko. Besta egunak ez diren asteartean ezin izanen da arrantzarik egin.

Iaz 46 izokin

Joan den urtean 46 izokin arrantzatu ziren eta lehenbizikoa Jose Luis Lopez irundarrak hartu zuen, Los 50 izeneko putzuan. 4,400 kiloko pisua eta 75,5 zentimetroko luzera eman zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun