Bortzirietako udal ordezkariak Nafarroako Gobernuan izan dira ttipi-ttapa telebistaren eta euskarazko komunikabideen alde

ttipi-ttapa 2009ko apirilaren 1a

Patxiku Irisarri, Josu Iratzoki, Koldo Erkizia eta Jaime Iturria martxoaren 31n Iruñean Hezkuntza kontseilariarekin bildu ondotik. TTIPI TTAPA

Kultura kontseilariak uda ondotik komunikabideentzako laguntza deialdia izanen dela hitzeman du

Carlos Perez-Nievas Nafarroako Gobernuko hezkuntza kontseilariarekin bildu dira astearte goizean Bortzirietako udal ordezkariak, euskarazko tokiko komunikabideen eta Ttipi-ttapa telebistaren aldeko konpromisoa agertzera. Bereziki Ttipi-ttapa telebistaren egoerarekin kezkatuta daude udal ordezkariak. Hori dela-eta, eskaera zehatzak egin dizkiote Hezkuntza kontseilariari.

Dirulaguntza duinak

Honela, Ttipi-ttapa telebistari eta euskarazko komunikabideei diru laguntza duinak emateko konpromisoa eskatu diote, baita komunikabideen egoera erregularizatzeko hitzarmenaren aldeko urratsak egitea. Modu berean, orain arte hutsaren hurrengoa izan den publizitate instituzionala txertatzeko konpromisoa eskatu diote eta Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuetan eragitea tokiko euskarazko telebistek lizentzia eskuratzeko aukera izan dezaten, eta betekizun bidegabe eta neurrigabeak bertan behera uzteko (gaztelaniaren derrigortasuna eta eskakizun ekonomiko itzelezkoak). Lizentzia eskuratu bitartean emititzeko bermea izatea ere eskatu diote, egoera behin betiko erregularizatzen duten arte.

Bileraren balorazio positiboa

Eskari hauen aitzinean, Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilariak uda ondotik ziurrenik, euskarazko komunikabideentzako dirulaguntza deialdia eginen dutela konpromisoa hartu du eta iazko kopuru bera banatuko dutela, alegia 240.000 euro. Euskarazko telebistak lizentzia eskuratzeko aukera izan dezan lan eginen dutela ere aipatu du eta konpromiso politiko hori bere gain hartu du Pérez-Nievasek. Udal ordezkariek bileraren emaitzaz balorazio baikorra egin badute ere, aurrerantzean gai honi jarraipena eginen diotela berretsi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun