Garai ekonomikoak hobeak ziren, eta bankuek oinarrizko zerbitzuak eskaintzeagatik ez zuten komisiorik kobratzen. Baina egoera horrek buelta eman du, eta beti bezala, erabiltzaileak dira kaltetuak. Krisia dela-eta, bankuen irabaziak murriztu egin dira. Consumer Eroskik egindako ikerketa baten arabera, 2008ko zenbakietan diru-sarreren beherakada haundia espero da. Hain zuzen, horri aitzin egiteko, komisioak igotzea erabaki dute. Kontuak mantentzeagatik, transferentziak egiteagatik, txekeak kobratzeagatik, txartelak erabiltzeagatik… Hori guztia kobratzen dute gaur egun bankuek, eta ez gutti, gainera.
Oinarrizko zerbitzuak eskaintzeagatik inoizko kopururik altuenak kobratzen dira. Consumer Eroskik egindako azterketako datuak dira.
Kontu korrontea mantentzeagatik
Kontu korronte bat zabalik mantentzeagatik, bataz bertze urteko 20 euro kobratzen dute bankuek, eta zenbaitetan 42 euro. Norbaitek 9 euro baino guttiago ordaintzen badu, zorionekoa bera. Merkatuko merkeenetarikoa baita. 2007tik 2008ra komisio honen igoera %7koa izan da.
Transferentziak
Estatu espainiarreko bankuen 2006ko araudiaren arabera, transferentzia bat egitean hartzaileak zein emaileak kobra dezake komisioa. 2008an transferentzia bat egiteko bataz bertzeko tarifa %6,3 garestitu zen, eta 3,19 euroraino igo zen. Zifra horiek 10.000 euroko transferentzia bati dagozkie. Kopuruak ttikiagoak direnean, komisioak altuagoak dira.
Txartelen erabilpena
Txartelen erabileragatik komisioak kobratuta ari dira diru gehien jasotzen bankuak. Debitu txartelen kasuan, bertze banketxeren batean baina sare bereko kutxazain batean (Servired, Euro 6000 edo 4B) dirua ateratzeak 0,71 euroko gastua zuen bataz bertze 2008an, 2007an baino %18 gehiago. Sare bereko bertze banketxe batetik dirua aterata, atera den diruaren %2 kobratzen da. Kreditu txartelen kasuan, berriz, komisioa %2-4koa da.
Zenbaki gorriak
Kontua zenbaki gorritan egotea ere ez da debaldekoa. Bataz bertze banketxeek 10,05 euro kobratzen dute bezero baten kontua zenbaki gorritan gelditzeagatik, 2007an baino %23 gehiago.