Herri kirolak zabaltzeko material didaktikoak kaleratu ditu Federazioak

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 31

Mikel Lasarte liburuxken egilea, Jose Javier Esparza Nafarroako Kirol Institutuko zuzendaria eta Ruben Goñi, Sakanako Mankomunitateko ordezkaria, material didaktikoen aurkezpenean. TTIPI TTAPA

Herri kirolak zabaltzeko material didaktikoak kaleratu ditu Federazioak

Herri kirolak zabaldu eta bultzatzeko asmoz, Nafarroako Herri Kirol Federazioak hainbat material didaktiko kaleratu ditu. Lan hau 2003an hasi zuen eta 2011n bukatzea espero du, erakundearen XX. urteurrenarekin harira. Nafarroan gehien hedatuak dauden10 kirol aztertu dira eta egindako aldikari eta DVDak martxoaren 24an aurkeztu zituzten Iruñean.
Guztira bortz monografiko egin dira, harri jasotzea, aizkora, trontza, iparraldeko jokuak (sei modalitate) eta sokatirari buruz. Monografiko horiek aldizkari itxurakoak dira. Bi bideo ere egin dira, harrijasotzea eta sokatirari lotuta, Ttipi-Ttapa Telebistak ekoitzitakoak.
Herri kirolak bultzatu eta zabaltzeaz gain, bere sorrera, garapena eta ezaugarriei buruzko argibideak ematea ere bada material hauen helburua. Hala, arlo teknikoa eta araudia ongi aztertu dira kirol bakoitzean.
Euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu dituzte lanak. Irakurketa errazekoak dira, eta argazki eta irudiek garrantzia haundia dute. Arlo orokorra eta teknikoa ere jorratzen dira. Txapelketa ofizialei buruzko zenbait datu ere topa daitezke, baita kirolari eta marka nagusienei buruzko argibideak ere.

Sunbillan soilik banatuko dira

Material hauek Nafarroako Herri Kirol Federazioaren egoitzan banatuko dira soilik, Sunbillan. Telefona honakoa da: 948-450900 eta posta elektronikoa: herrikirolaknafarroa@ hotmail.com. Ikastetxeentzako dohainik banatuko dira, eskariaren arabera. Bilduma osoa 20 eurotan dago salgai, eta aleak banaka nahi izanez gero, bortz euro ordaindu beharko dira.

Laguntza publikoa

Nafarroako Herri Kirol Federazioak honako instituzio hauen laguntza jaso du: Nafarroako Gobernua, Sakanako Mankomunitatea, Arangurengo Udala, Lesakako Udala, Doneztebeko Udala, Diario de Noticias egunkaria, Nafarroako Rural Kutxa eta Idiazabal gaztaren jatorrizko izendapena.

Mikel Lasartek idatzitako liburuxkak

Mikel Lasartek idatzi ditu aldizkariak. Lasarte Nafarroako Federazioko lehendakaria izan zen 2001 eta 2004 bitartean, harri-jasotzailea da eta Sakanako Harri-jasotze Eskolako arduraduna.
Gaur egun, 400 fitxa inguru dituzte Federazioan, gehienak sokatiran, talde-kirola delako. Aizkora ere indarrean dela aitortu zuen Lasartek aurkezpen egunean. «Baina herri kirol modalitate batzuetan gabeziak ditugu, sega eta probak, esate baterako». Segari dagokionez, azken hiru urteotan txapelketa antolatu du Federazioak, eta segalari kopurua gizendu nahi luke. Abere eta giza probei dagokionez, Lasartek nabarmendu zuenez, «garai batean Nafarroan harri probak izan ziren, Betelu eta inguruetan gehienbat, baina gero galdu egin ziren eta zaila izanen da berreskuratzea, gizartea ere aldatu egin delako».

Sega eta herri kirolen jatorriari buruz

Urte honi begira, segari buruzko liburuxka argitaratzekoa da Federazioa. 2010ean, berriz, herri kirolen jatorria, etnografía eta historia lotuko dituen bertze ale bat kaleratzeko asmoa du. «2011. urtea mugarria izanen da, orduan beteko baita Federazioa sortu zeneko 20. urteurrena, eta hori baliatu nahi dugu bilduma egiteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun