«Hamahiru urte pasatu ditut pilotan eta orain bertze etapa bat hasi dut»

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 31a, 15:22
Unai APEZTEGIA Aurtizko pilotari ohia TTIPI TTAPA

• Joan den urteko abenduaren 31n erran zion aio profesionaletan 13 urte egin duen ibilbideari Unai Apeztegiak (Aurtitz, 1975).
• Halabeharrez utzi behar izan du pilota, azken 10 urteotan egon den Aspe enpresak ez diolako kontraturik berritu. Dena den, azken urteak «erreta» igaro dituela aitortu digu, eta alde horretatik, pilota uztea ez dela «hain gogorra» izan.
• Orain arte bigarren maila batean zuena, orain lehentasuna bihurtu da beretzat: lana. Eta Elizondon dauzkan oilo eta oilarren granjetan dihardu lan eta lan.

Hamahiru urte zuriz jauntzita pasatzeak aunitzerako eman dio Unai Apeztegia Aurtizko pilotariari: mila partidatik goiti, momentu onak eta txarrak, lesioak… Baina guztiaren gainetik, balantzea «positiboa» izan dela dio. Ttikia zela eman zituen bere lehen pilotakadak Apeztegiak, eta artean gaztea zela bete zuen pilotari guzien ametsa: profesionaletara salto egitea, 21 urterekin. 1996ko apirilean izan zen, gaur egun bizi den herrian, Elizondon. Oroitzapen onak ditu partida hartaz: «afizionatuetan Asier Olaizolarekin partida aunitz jokatu eta irabazi nituen. Asegarcek elkarrekin debutatzeko aukera eman zigun eta halaxe egin genuen. Nik Mikel Goñirekin jokatu nuen eta Asierrek Mendiarekin». Handi bi urtetara, Asperekin debutatu zuen, orduan ere Elizondon.

Profesionaletan jokatutako partidak ehunka, baina guztien artean bat aukeratzeko eskatuta, azkar erantzun digu: bigarren mailan buruz buru azpitxapeldun gelditu zenekoa. Momentu gazigozoa izan omen zen. Gazia, finala jokatzeko aukera izan eta galdu zuelako. «Min haundiena partida nik galdu izanak eman zidan». Eta gozoa, partida galdutakoan «lur jota» gelditu eta jendeak animatu egin zuelako.

Urte onak izan dira aurtiztarrarentzat, baina aio errateko tenorea ailegatu zaio. 34 urterekin sasoian ikusten den arren, joan den urteko abenduaren 31n kontratua akitu eta Aspek ez zion berritu. «Denei ailegatzen zaie ordua eta onartu beharra dago». Beregatik balitz oraindik segituko lukeela aitortu digu, baina ez omen zuen sorpresaz hartu enpresaren erabakia: «azken aldian jaialdietako bigarren eta hirugarren partidak jokatzen nituen, eta kontratua ez zidatela berrituko pentsatua nuen». Garai onak bai, baina ez hain onak ere bai. «Azken urte honetan enpresak ez dit aunitzik lagundu, eta nahiko erreta akitu dut. Horregatik ez da hain gogorra izan profesionalen mundua uztea». Erreta akitu zuen seinale, kontratua akitu zitzaionetik ez du jokatu pilotan. Baina ez du erabat utzi nahi eta etorkizunean, pilotan aritzeko aukerarik baldin badu, saiatuko dela adierazi digu. Seme ttikiei pilotan erakustea ere gustatuko litzaioke, eta Txaruta Pilota Eskolan esku bat botatzea ere bai.

Pilota profesionala agurtuta, lanean dabil burubelarri Apeztegia, Elizondon dituen oilo eta oilarren bi granjetan: «lehen pilotak zuen lehentasuna, eta bigarren mailan lana zegoen. Orain, alderantziz». «13 urte pasatu ditut pilotan eta orain bertze etapa bat hasi dut». Halere, luze gabe, baliteke berriz plazan ikustea. Udan Bengoarekin jokatzeko proposamena luzatu diote, eta zer egin erabaki ez badu ere, aukera mahaigainean du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun