Ipar Euskal Herriko agintari gorenek Luberriako urtegia inauguratu zuten martxoaren 21ean. Senpertar gutik ezagutzen dute Cherchebruit auzoa baina inaugurazio egunean hautetsi eta kazetari ainitz elgartu zen Dantxarineako bidean den ur baradera berria ikusteko.
73 hektarako urtegia hutsa eta idorra da. Urdazuri ibaiak gainezka eginen duelarik ura atxikitzea izanen da bere lana. 1983an uholde ikusgarriak gertatu ziren Urdazuri ibarrean eta zazpi lagun ito ziren. Berehala, baradera bat altxatu behar zela Luberria aldean aipatu zuten orduko hautetsiek. Bidean neke frangori buru egin behar izan diote, alde batetik, dirua biltzeko eta bertzetik, ekologisten kexak kontuan hartzeko. Azken urteetan, Luberriako kakamarloak Euskal Herriko mamu ospetsuenak bilakatu dira bizi ziren zuhaitzak tokiz aldatu behar izan baitira banaka banaka. Ustekabeko aldaira horrek urtegiaren eraikitze lanak gibelarazi ditu.
Gaurko egunean, Luberriakoa Lapurdin egin den obrarik haundiena da, orotarat, hamar miliun euro gosta baita. Aipagarria da Sarako herriak ere parte hartu duela finantzazioan, nahiz eta ez duen baraderaren abantailarik izanen. Battitt Laborde eta Jean Aniotzbehere Sarako auzapezak eta auzapez ohiak parte hartu zuten ekitaldian. Senpereko auzapez ohiak ere, Germain Ezponda eta Pierre Irigoyen, hurbildu ziren Luberriarat.
Bere aldetik, Michèle Alliot Marie barne ministroak goraipatu zuen Michel Barnier gaur egungo laborantza ministroak eta europar komisario ohiak Bruselatik eman zuen laguntza proiektua egia bilaka dadin.
Eztabaida bizi-bizia
Baraderaren altxatzeak polemika sutsua piztu du Senpere aldean baina azken hilabetetako euriteek frogatu dute beharrezkoa dela kalteak mugatzeko. Udazkenean, lehen froga bat egin ondoan, urte hastapen huntan ur ainitz atxiki zuen berriz ere: miliun bat eta berrehun mila metra kubiko ur. Adituek diote ur guzi hau bat batean isuri izan balitz hirurogoi zentimetrako uholdea gertatuko zela Senpereko karrika nagusian.
Dena den, inaugurazioan nehork ez du aipatu adituek hastapenetik diotena: Luberriakoa ez dela aski izanen mota guzietako uholdeak saihesteko. Proiektuaren hastapenetik, adituek diote bertze baradera ttikiak egin behar direla Saran edo Amezpetu aldean. Hautetsiek diote Luberriako urtegia ongi integratua dela Nafarroa eta Lapurdi lotzen dituen Urdazuriko ibarrean, laborantzari hartu zaizkion eremuetan.
Luberriako baraderaren estrenan, hautetsiek ez zuten hitz bat egin euskaraz. Jaun erretorrak Gure Aita euskaraz kantatu zuen eta urtegiaren ondoan dagoen harrian hautetsien izenak euskaraz ere agertzen dira.