Azken hilabeetan argitaratu diren liburu anitz ikusten eta erosten ahalko dira Idazleen Biltzarrean, 250 baino gehiago. Baina klasikoek eta azken urteetakoek ere tarte zabala izanen dute. Gehienak frantsesez eta euskaraz dira, eta gutxi batzuk espainiolez, baina beti ere Euskal Herriari buruz, historiari buruzkoak, eleberriak eta ikerketa batzuen emaitzak, bertzeak bertze. Hauen aurkezteko eta egileekin solastu ahal izateko, 118 autorek haien parte-hartzea konfirmatu dute. Tartean daude, Apalategi aitasemeak, Xipri Arbelbide, Jean Louis Davant, Aurelia Arkotxa, Piarres Charriton, Janbattitt Dirassar, Mikel Duvert eta Angel Rekalde. Horretaz gain elkarte batzuk han izanen dira, 20 bat argitaletxerekin batera.
Usaian bezala, Bazko Astelehenean izanen da, apirilaren 13an, 10:00etatik aitzinera. Aurtengoa Biltzarreko Saria Herria astekariari emanen diote, 3.000. ale kaleratu baititu, eta jadanik 65 urte dituelako. Usaiako Eusko Ikaskuntzaren bekak ere banatuko dituzte. Aurten 8 dira Eusko Ikaskuntzatik dirulaguntza izanen dutenak liburu bat idazteko eta argitaratzeko.
Aurkezpen bereziei begira, 11:45ean Euskaltzaindiako Jon Artzak hizkuntza gutxituen erakusketaren azalpena emanen du, eta 16:00etan Xabier Soubelet bere azken bi liburuei buruz solastatuko da.
Liburuaren azokarekin batera, eskulanen eta margoen erakusketa eskainiko da. 46 artistek parte hartuko dute.