Parlamentarien bisita

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 31

Nafarroako Parlamentuko Kultura eta Turismo Batzordeak Sorginen Museoa bisitatu zuen martxoaren 18an. UPNko Reyes Carmona, Carmen Gonzalez eta Sergio Sayas, NaBaiko Paula Kasares eta Patxi Telletxea eta PSNko Roman Felones eta Maria Victoria Arraiza etorri ziren eta Jesus Agerre alkatearekin, Ainhoa Agirre Zugarramurdiko Garapena elkarteko kudeatzailearekin eta Izaskun Abril Cederna-Garalur Elkarteko teknikariarekin egon ziren.

Parlamentarien asmoa, museoaren 2008ko datuak eta etorkizunera begira dituen helburu eta proiektuen berri lehen eskutik jasotzea zen. Honela, Izaskun Abril eta Ainhoa Agirrek prestatutako ikusentzunekoa ikusi zuten. Aipatu zutenez, 2007ko uztailean ireki zenetik 2008ko urte akabaila bitarte, 28.677 bisitari jaso ditu Museoak. Museo honetan 1.800.000 euroko inbertsioa egin da eta horietatik 700.000 euro Udalak ordaindu ditu. Horregatik, etorkizunera begira lanean segitzeko asmoa azaldu dute, gero eta bisitari gehiago eta landa turismoak gero eta indar gehiago duela kontuan hartuz. Izaskun Abrilek aitzineratu zuenez, «80 lagunendako aterpe turistikoa irekiko da laister, ostatua eta jatetxeaz hornitua egonen dena eta horrek herriko eskaintza osatuko du».

Ainhoa Agirrek, berriz, zera nabarmendu zuen: «arrakastaren giltza, ondarea ongi gordetzea da, baita produktu iraunkorren sorkuntzan oinarritutako kudeaketa turistikoa ere». Ikusentzunekoa azaldu ondotik, parlamentariek museoa bisitatu zuten Idoia Sanz eta Ainara Abeteren laguntzaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun