Haur kantari jaialdiko bukaerako saioa igandean izanen da Iruñeko Gaiarre antzokian

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 31

Eskualdeko kantari aunitz izanen dira bertan

Larunbatean Elizondoko Lur dantzalekuan egindako kantaldiaren ondotik, Nafarroako Haur Kantari Jaialdiko bukaerako saioa igande honetan, apirilaren 5ean eginen da Iruñeko Gaiarre antzokian, goizeko 11:30etik aitzinera.

Txikienak

Bakarlari ttikien mailan, Leitzako Leire Erbitik “Txatxamatxalinatxu” kantatuko du eta Lino Otano Musika Eskolako Josu Zabalak, “Bi Izar”.
Bikote txikien kategorian, Irunberriko Sua bikoteak “Loiolan jai” kantatuko du.
Talde txikien kategorian, Irunberriko Euria taldeak “Kantuz” eskainiko du; Lakuntzako Musika Eskolako Txikiak taldeak “Sekretua”; Zelandi eskolako talde txikiak “Hitz galduak”; Berako Xantel taldeak “Euri ttanttak” eta Baztan Ikastolako Xixuko taldeak “Pottoka”.

Gaztetxoak

Bakarlari gaztetxoen kategorian, Elorri Askasibarren “Ez dakit zer ordu izango den” kantatuko du; Ainhoa Zabaleta goizuetarrak, berak egindako “Itzaltzen zoazela” kantatuko du eta Leitzako Naia Barriolak “Espetxeratua” abestia.
Bikote gaztetxoen mailan, Jone Rubio eta Jaione Diazek “Mugimenduan” kantatuko dute: Nerea Matxinena eta Mikel Txibitek “Ezer ez da betiko” eta Ainhoa Zabaleta eta Oihane Zugarramurdik, “Esaidazu”.
Talde gaztetxoen mailan, Lekarozko Xixo taldeak beteko du eskualdeko ordezkaritza “Euskal Rock’Rolling” abestiarekin. Lekaroztarrekin batera, Sorginak Pirulinak, Tafallako Tximitxurri, Zelandi eskolako Oskola taldea, Erriberako taldea, San Fermin ikastolako taldea eta Beteluko Gabezin taldeak ariko dira kantari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun