Nafarroako txapela seigarren aldiz jantzi du Xabier Silveira lesakarrak

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 31a, 10:42
Silveira eta Sotoren arteko buruz burukoak giro ederra sortu zuen. TTIPI TTAPA

Alde ttikia atera zion Julio Soto gorritiarrari

Nafarroako Bertsolari Txapelketan historia egin, eta bere seigarren txapela jantzi du Xabier Silveira lesakarrak. Desenpateak erabaki zuen martxoaren 21ean Elizondoko Lur dantzalekuan jokatutako finala, Xabier Silveira eta Julio Sotoren arteko desenpateak, hain zuzen. Beharbada, gorritiarrak seiko ttikian egin zuen poto batek jarri zuen txapela Lesakarako bidean. Silveirarentzat seigarrena. 617 puntu eskuratu zituen guztira eta Sotok 606,5.

Hirugarren postua finaleko neska bakarrarentzat izan zen, Erika Lagoma lesakarrarentzat (430 puntu) eta laugarren postua ere bertze lesakar batek eskuratu zuen, Iñigo Olaetxeak, 423,5 punturekin.
Puntu erdi batengatik txapelketa horretatik kanpo gelditu da Jon Barberena elizondarra, bosgarren 423 punturekin. Kartzelako gaian bikain ibili zen, Mikel Laboaren Izarren hautsa doinua erabiliz eta hiru bertso sentikor kantatuz, baina aitzinetik ez zuen bere mailara iristea lortu. Seigarren postuan iazko txapelduna, Julen Zelaieta beratarra sailkatu zen 420 punturekin; zazpigarren Xabier Legarreta aranoarra izan zen 417,5 punturekin eta zortzigarren, lehen aldiz finalean aritu zen Ander Fuentes Itturri zubietarra.
Euskal Herriko txapelketarako txartelak jokoan zeudela eta finalerako pronostikoa nahiko irekia zegoela kontuan hartuz, tentsio handia somatu zen oholtza gainean. Zortziko ttikian, Olaetxea eta Silveira ongi moldatu ziren. Sei puntuko motzean Zelaieta eta Sotok ale politak utzi zituzten. Kartzeleko gaian, Hurbileko norbait joan zaizu, zenbat maite zenuen erran gabe gaiari kantatu behar izan zioten eta gehienek hildako senideei kantatu zieten. Silveirak antidisturbioengandik ihesi ezagututako neska bat hartu zuen gogoan eta Barberenak ere maitasun kontuak kantatu zituen.

Silveira eta soto aurrez aurre

Denentzako lana bukatutakoan epaia: bortz puntu baino guttiagoko aldea Silveira eta Sotoren artean eta biek lanari ekin behar berriz ere. Seiko motzean aritu ziren lehenik, bizkor eta txukun, baina erritmoa errima bat bertzearen segidan atera zen Gorritikoaren ahotik. Bigarren kartzeleko gaian, Aspaldiko partez bertze bat eskatu dizute gaiari erantzun zioten. Silveirak finaleko azken txanpari heldu eta entzulegoak bertze txapela bat eskatu bazion ere, «Julio Soto bezain ona ez zela» kantatu zuen. Sotok, berriz, hala bukatu zuen lehen bertsoa: «bigarren egin nun eta; nitaz denak ahaztu ziren». Ez da horrela izanen, txapelketa handia egin du eta etorkizuna eta Silveirak emandako bisera bereak dira.

Giro beroa

Giro biziko finala izan da 38. hau eta jendearen erantzuna ere halakoa. Ia mila ikusle inguru eta kanpoan gelditu ziren hainbat eta hainbat. Saioa hasi baino ordubete lehenago sarrera guztiak salduta zeuden eta, zoritxarrez, jende aunitz gelditu zen kanpoan. Oholtza gainean gauzak primeran joan baziren, oholtza azpian egon zen giroa zoragarria izan zen.

Euskal Herriko Txapelketarako txartela

Nafarroako Bertsolari Txapelketan lehen lau sailkatuak izan direnak aurten jokatuko den Euskal Herriko Txapelketa nagusian izanen dira: Silveira, Soto, Lagoma eta Olaetxea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun