Papera eta kartoia, enbaseak, beirak, etxeko hondakin bereziak, neurri haundiko trasteak eta siloetako plastikoak. Azken urteotan birziklatze kopurua gorantz bazihoan ere, zenbait tokitan, 2008an ez zen hala izan. Adituen arabera, krisia dago tartean. Guttiago kontsumitzeak zabor guttiago eragiten baitu. Aldi berean, aipatu, Nafarroa osoan baino gehiago birziklatzen dela gure inguruan.
Papera eta kartoia
Eskualdeko edukiontzietan milioi kilo paper baino gehiago bildu zen iaz, 1.295.340 kilo. Bortzirietan jaso zen gehiena, baina 2007an baino guttiago. Baztanen ere aitzineko urtean baino guttiago bildu zen; Malerreka eta Leitzan, ordea, gehiago. Arano, Areso eta Goizuetan, oraingoz ez da paper eta kartoirik biltzen.
Beira
Beira ere aunitz bildu zen, milioiaren gainetik: 1.224.013 kilo. Baina Baztanen eta Bortzirietan 2007an baino kilo guttiago jaso ziren. Malerrekan eta Leitzaldean, berriz, gehiago.
Neurri haundiko Trasteak
Emauseko Traperoek jasotzen dituzten neurri haundiko trasteei dagokienez, 358.532 kilo bildu ziren. Bai Baztanen, bai Bortzirietan, bai Malerrekan eta bai Leitzan ere, 2007an baino guttiago bildu zen joan den urtean.
Siloetako plastikoak
Siloetako plastikoen kasuan, 51.510 kilo bildu ziren Bortzirietan, Baztanen eta Malerrekan, eta Bortzirietan izan ezik, 2007an baino gehiago bildu ziren 2008an. Leitzaldean ez da siloetako plastikorik biltzen.
Enbaseak
Enbaseetan, guztira 258.640 kilo bildu ziren Baztan, Bortziriak eta Malerrekan, eta hiru kasuetan goiti egin zuen kopuruak. Aipatu, Leitzaldean ez dela enbaserik biltzen.
Hondakin bereziak
Hondakin bereziei dagokienez, 15.190 kilo bildu ziren eta Bortzirietan izan ezik, gainerakoetan beherantz egin zuten 2008an kopuruek.
Pilak
2.225 kilo pila ere bildu zen 2008an inguruan, gehiena Bortzirietan.
Datuak
Ondoko taulan 2007an eta 2008an Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldean biriziklatzeko zenbat hondakin bildu zen ageri da.