2010ean herriko mapa bukatua egon dadin lanak hasi dira

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 31

Fernando, Karmele, Juan Jesus eta Pello martxoaren 20ean egindako itzulian. TTIPI TTAPA

Martxoaren 20an lau lagunek mugak berrikusi zituzten

Leitzan eta Goizuetan bezala, Ezkurrako mapa bat egin nahi da eta helburu horrekin, Fernando, Karmele, Juan Jesus eta Pellok herriko lur eremuetan barna itzulia egin zuten martxoaren 20an.
Goizean, 7:00etan abiatu ziren Txantxangorri ehiztarien txabolatik. Perralekuko pistan barna igo ondotik, Olako bordara jautsi ziren, Ittola aldean barna. Inguru horretan Amokonea eta Aierdi borden aztarnei argazkiak atera zizkieten. Malda gogor bat igo ondotik, Katalinea eta Etxeberria artean dagoen baserrian hartu zuten atseden. Kasteneako borda gurutzatutakoan, Eratsungo lurretan sartu ziren, eta Iruñarriko menhirrera edo iruinarrira ailegatu ziren.

Monumentu megalitiko hau Eratsungoa da, eta hori ongi gogoan dute herritarrek. Bere inguruetan 12 megalito baino gehiago aurkitu dira, baina zoritxarrez, ez zaie kasurik egin.
Ezkurran sartuz, Olegiko harrespilari erreparatu eta Ezkain eta Erakurrira igo ziren. Aipatzekoa da, zenbait mapetan mendi hau Irakurri izenarekin ageri dela, baina herritarrek ez dute inoiz horrela erabili, Erakurri edo Eakurri baizik.
Bideari jarraituz, Urdizko harritik barna Makotsolara jaitsi ziren eta eguerdirako Ollinera ailegatu eta hemengo hondakinak ikusi zituzten.

Ollin, ekonomikoki garrantzitsua

Auzo honek bi garai ekonomiko garrantzitsu eduki zituen. XIX eta XX. mendeetan fluorra, espatua, piritia, beruna eta zilarra bezalako mineralak atera ziren. Lehenagotik, berriz, 1328tik aurrera, bi burdinola jarri ziren martxan eta 1586an euren garairik oparoena ezagutu zuten. Europako iparralderako, Ameriketarako eta militarren itsasontzietarako lan asko egin zen.

Sei ordu eta erdiko buelta

Ibilbideak sei ordu eta erdi iraun zituen, eta gainerako itzulia hurrengo baterako utzi zuten.
Dena den, Leitza, Beruete, Eratsun eta Goizuetarekin dauden mugak berrikusi ahal izan zituzten, eta egunari behar bezalako segida emateko, Goizuetako Umore Ona Elkartean bazkaldu zuten, Juan Ignacio Apezetxea eta bere emazteak prestatutako bazkari eder batekin. Lerro hauen bidez, eskerrik asko.
Bide batez, esan, Nafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, zuk erabaki programaren bidez, mapa egiteko dirua bildu nahi dela, baina hori hurrengo urtean izanen da. Mapa ere 2010erako akitua izatea espero da. Aurten, Zuk aukeratu, zuk erabaki egitasmoarekin 7.950 euroko laguntza jaso nahi da erlojua konpontzeko. Dagoeneko, Ezkurra, Eratsun, Leitza, Doneztebe eta Iruñeko Nafarroako Kutxako 156 bezerok egin dute proiketu honen alde eta eskertzekoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun