Sunbillako Kultur Asteburua arrakastatsua izan da aurten ere

ttipi-ttapa 2009ko mar. 30a, 14:23

Miguel Antzitzarrek irabazi zuen bigarren gazta lehiaketa

Sunbillako Antzakaitz kultur taldeak, Eskolako Guraso Elkarteak eta Antrotokiko gazteen artean antolatutako Asteburu Kulturala arrakastatsua izan da. Hainbat ekitaldi egin dira eta guziak umore ederrean eta giro bikainarekin joan dira. Ortziralean, haurrek Korrika Ttikian parte hartu zuten.

Kaxkarrak taldea garaile gastronomia lehiaketan

Larunbatean, Munduko Kultura Ezberdinen gastronomia lehiaketan zortzi taldek parte hartu zuten. Lehia berdindua izan zen: Kaxkarrak taldeak, Afrikako masaien cuscus-a barazki eta oilaskoarekin prestatu zuten eta laranja eta kanela postrerako, dena teaz ongi bustia. Attope taldeak, mexikarren gastronomiara jo zuen eta burritoak guakamolearekin prestatu zuten. Bi taldeak berdinduak gelditu ziren eta ordezkatu zuten herrialdeko dantza bana eskaini behar izan zuten. Hemen ere epaimahaia ez zen berdinketa haustera ausartu eta txanpon batek erabaki zuen txapelduna: Kaxkarrak taldea. Ulibeltzak elkarteko bazkalondotik, haurrendako tailerrak, berendua, poteoa, dantzaldia eta kontzertua izan ziren larunbat arratsalde eta gauean.

Hamabost gazta lehiaketa

Igandean, bigarren gazta lehiaketa eta artisau feria egin ziren. Gazta lehiaketara hamabortz gazta aurkeztu ziren eta horien artean Miguel Antzitzarrena suertatu zen garaile; bigarren postua Primonekobordara joan zen eta hirugarena Xibolako Santi Espelosinek eskuratu zuen.

Francisca Ganboa eta Ana Mari Iriarte omenduak

Omenaldietarako tarterik ere izan zen Sunbillako Kultur Asteburuan. Francisca Ganboak, artisau ferian saltzen ari direnen artean zaharrena izateagatik jaso zuen bere oroigarria, baita Estamoko Ana Mari Iriartek ere, taloak eta opilak egiten dituztenen artean beteranoena bera delako. Artisau ferian ere, Sunbillako eta inguruko eskulangileen lanak ikusgai izan ziren. Herriko trikitilarien saioaren ondotik, bazkaria izan zen Ulibeltzak elkartean. Igande arratsaldean herriko haurrek dantza saioa eskaini zuten eta txokolatea eta antzerkia ere izan zuten.

Astelehen arratsaldean Korrika

Sunbillako Asteburu Kulturalak, astelehen arratsaldean izanen du azken ekitaldia. Korrika herritik pasatuko da 15:30ak aldera. Antrotokik erositako kilometroa San Tiburtzio parean hasiko da era Itturburu ondoraino joanen da. Hemen Ulibeltzak elkarteak eta Sunbillako udalak erositako kilometroaren txanda izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun