Udalaren kontuak 77.750 euroko superabitarekin itxi dira 2008an

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 30a

Aurtengo gastuei begira, udal plana berritu nahi da

2008ko kontuak berrikusi eta 2009rako aurrekontuak zehaztu zituen Udalak orain dela aste batzuk. Horren arabera, iaz 238.941 euro gastatu ziren. Kopururik haundienak mendian gastatu ziren: 44.000 euro inguru. Bertze 24.000 euro inguru nekazaritzako azpiegituretan joan ziren, hau da, bideetan hormigoia botatzen batez ere.
Sarrerak, berriz, 316.688 eurokoak izan ziren, garrantzitsuenak Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Sailetik hartu ziren laguntzak izan ziren, 58.000 euro, hain zuzen. 30.000 euro mendiko lanetarako jaso ziren eta Ingurugiro Sailak 10.700 euro eman zituen Leurtzan mantentze lanak egiteko.
Gastuak eta diru-sarrerak kontuan hartuz, 77.747 euroko superabitarekin itxi zen 2008a.

2009ko gastuak eta sarrerak

2009ari begira, Udalak aurreikusitako gastu garrantzitsuenak hauek dira: 17.000 euro inguru mendiko lanetarako, eta 60.000 euro udal plana berritzeko.
Sarrerei dagokienean, 48.000 euro jasoko dira udal plana berritzeko, eta bertze 11.300 euro mendiko lanetarako hartuko dira.
Aurten ez da nekazaritzako azpiegitura lanik eginen, Nafarroako Gobernuak ez baitu dirulaguntzarik emanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun