Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabideetako Departamentuak eta Udalak zeharbidea moldatzeko elkarlan hitzarmena onartu dute. Martxoaren 16ko bilkuran izan zen hori. Hitzarmenaren arabera, eskolaren ondoan, biribilgune bat eginen da, bidegurutze horrek duen trafikoa hobeki arautzeko baliagarria izanen dena. Zeharbide berean dagoen autobus geltokiaren eremua ere aldatuko da.
394.000 euroko aurrekontua
Lan honen hasierako aurrekontua 393.748,06 eurokoa da. Nafarroako Gobernuak 282.408,47 euro ordainduko ditu (138.190 euro aurten eta bertze 144.218,47 euro 2010ean) eta gainerako 111.339,59 euroak Udalak berak ordaindu beharko ditu.
Lanak Udalak kudeatuko ditu
Onartutako testuaren arabera, Doneztebeko Udala arduratuko da lanak egiteaz, eta hauek egiteko behar diren ondasunak edo eskubideak hartzeko beharrezko izapideak egiteaz. Gisa berean, Udalarena izanen da lanen zuzendaritza teknikoa ere, baina Herrilan Departamentuaren Kontserbazio Zerbitzuak gainbegiratu eginen du obra.
Gaur egun, Leitza eta Doneztebe arteko NA-170 errepidean, Leitza aldera zubia pasatu eta eskolaren ondoan dagoen bidegurutzeak zenbait adar ditu: Osasun Zentro aldera, Enplegu Bulego aldera, etxebizitza berrietara, eskolara, kiroldegira… Horrek trafiko handia eragiten du eta horri aterabidea ematera datoz obra berri hauek.
Biribilgune berriarekin, mugimendu guziak ordenatzea da helburua eta bideko segurtasuna hobetzea. Aldi berean, gaur egun herrigune erdian dagoen autobus geltokia ere biribilgune horretara aterako da eta oraingo geltokia aparkalekuak egiteko aprobetxatuko da.
Biribilgunearen kanpoko erradioa 15 metrokoa izanen da eta erdian 6 metroko erradioa duen irlatxoa izanen du. Metro eta erdi zabalerako espaloia ere eginen da.