Rakel Urtxegi izanen da Ulibeltzak Elkarteko lehendakari berria

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 30a

Ulibeltzak Elkarteak 25 urte bete zituenean, bazkideei ateratako argazkia. TTIPI TTAPA

8 emakumez osatutako Zuzendaritza Batzordea izanen da datozen bi urteetan

Martxoaren 14an egin zen Ulibeltzak Elkartearen Zuzendaritza Batzordea berritzeko bilera. Gaur egun, Elkarteak dauzkan 192 bazkideetatik 30 inguru bakarrik azaldu ziren bilerara, beraz, parte-hartze eskasa. Hala ere, bilerako helburua betez, joandako bazkideek botaketak egin zituzten Zuzendaritza Batzorde berria nork osatuko zuten erabakitzeko. Zortzi izen atera ziren eta bitxia bada ere, datozen bi urteetako Ulibeltzak Elkarteko Zuzendaritza zortzi emakumez osatua egonen da: lehendakaria Rakel Urtxegi izanen da; lehendakariordea Edurne Urroz; diruzaina Maider Petrirena; idazkaria Miren Hernandorena; eta bokalak Josune Antzizar, Maria Jesus Iriarte, Edurne Zubieta eta Maria Jesus Rekarte.

Urteetako ohiturari jarraituz eta kargu aldaketa egiteko, martxoaren 21ean afaria egin zuten orain arte Zuzendaritzan egondako bazkideek eta datozen bi urteetan egonen direnek Elkartearen egoitzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun