Makillajea eta orrazkerak

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 30a, 11:44
TTIPI TTAPA

Purpurinei eta distirei agur errateko tenorea ailegatu da eta makillaje biziak alde batera utzi, eta udaberri eta uda honetan kolore mateak ikusiko dira. Baseei dagokienean, laranja eta arrosaren arteko nahasketa ikusiko da, aurpegiaren azal koloreari naturaltasuna eman nahian.
Begietan kolore beltza nagusituko da eta begirada nabarmentzeko marra beltz finak erabiliko dira. Sasoi honetan begiak ez ditugu sobera margotuak ikusiko. Momentu berezietarako edo gaueko makillajerako, marra lodixeagoak ikusiko dira begietan, itzal urdinekin konbinatuz. Errimelak ia ikusezina dirudien arren, nabarmenduko den elementuetako bat izanen da. Hala, betazal luze-luzeak ikusiko ditugu udaberri eta uda partean. Bekainak ere lodiak eta markatuak izanen dira, naturaltasuna eman nahian.
Ezpainei dagokienean, distira ezak bolumena ttikitzen duela kontuan hartu behar da. Edonola ere, bi joera ikusiko dira udaberri eta udan. Alde batetik, azal eta laranja koloreak ikusiko ditugu, eta bertzetik, gorria eta purpura koloreak. Bi estiloak desberdinak dira baina biek ere arrakasta dutenak, eta hemendik aitzinera ere, arrakasta edukiko dutenak.

Mototsak furi-furian

Ilea txukuna eta ongi zaindua bada, itxura ederra ematen du edozein gisara jarrita ere. Baina hortik aparte, sasoian sasoiko modara egon daiteke ala ez. Udaberri-uda honetan, erraterako, mototsak ikusiko ditugu, alde batera begira egonen direnak.
Bolumena izanen da nabarmenduko den bertze ezaugarria. Desordenatutako orrazkera bilduak ikusiko dira, bolumen haundikoak, eta ile-motots solte eta kizkurrekin. Laburbilduz, desegituratutako orrazkera izanen da udaberri eta uda honetako joera, ukitu errebelde horrekin.
Flekiloa, orain arte bezala, maiz ikusiko dugu baina aurten, are luzeagoa izanen da, aurpegiaren erditsua estaltzeraino.
Ile bustiak ematen duen efektua ere berragertuko da. Ile osoan edo zati batean gomina duten orrazkerak ikusiko dira, bai ilea solte dagoenean eta bai bildua dagoenean ere. Ile bustiaren efektua duten orrazkera bilduak atzera orraztuak egonen dira, erdiko marra ongi markatua dutela. Erdiko marra hori ongi nabarmendua ikusiko da, aurpegiaren simetria markatuz. Ile luze eta solteen kasuan, itxura berezia emanez, diademak ikusiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun