Eskolari izen bat jarri eta horren adierazgarri izanen den logotipo baten bila dabiltza eskolan. Horren harira, deialdi bat egitea erabaki zuen eskolako Hezkuntza Komunitateak, hau da, ikasle, guraso, langile, Udala eta Kultur Taldeak. Asteazken honetan, apirilak 1, akitzekoa zen proposamenak aurkezteko epea, eta behin hori pasatuta, hurrengo astean, hilaren 8an, eskolako sabaian deialdira aurkeztutako lan guztiak ikusgai paratuko dira.
Sabaian paratzean, nahi duenak bere botoa emateko aukera izanen du eta gisa horretara, boto gehien jaso dituzten hiru lan aukeratuko dira. Azken erabakia Eskola Kontseiluak hartuko du.
Baldintzak
Martxoaren 16an egin zuten deialdi hau eskolatik, eta hasieratik argi adierazi zuten ez dela lehiaketa bat, eta ez dela saririk banatuko. «Honen asmoa denon parte-hartzea bultzatzea da».
Logotipoa egiteko, Iturengo eskolan hainbat herritako ikasleak elkartzen direla kontuan hartzeko eskatu zuten, edo «egunen batean eskola berria eraikiko den parajearen ezaugarriren bat islatzen duena izatea».
Izenak, berriz, hitz bakarra edo gehienez ere bi izatea eskatu zuten. Informazio gehiago nahi izanez gero, eskolara joan behar da edo 948 451554ra deitu.