Uda honetan Saharako haurrak etxean hartzeko deia luzatu du Saharaztan erakundeak eta hala egin nahi dutenek apirilaren 14ra bitarteko epea izanen dute izena emateko. Horretarako, Baztanen interesatuak daudenek 948 452372 telefonora deituta eman beharko dute izena; Malerrekakoek 948 451 787 telefonora deitu beharko dute eta Bortzirietakoek 690 687990 telefonora.
Jakina denez, Euskal Herri osoko herrietara hainbat eta hainbat haur saharar etortzen dira bertako familiekin uda pasatzera. 14 urte inguru pasatu dira Saharaztanek Saharako haurrak ekartzeko ekimena martxan jarri zuela. Joan den urtean, erraterako, guztira 11 etorri ziren Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldera. Duela bi urte, berriz, gehiago, 14. Ekainean etorri eta abuztuan hartu zuten etxerako bidea. Ofizialki, 7 eta 12 urte arteko haurrak har daitezke etxean. Halere, zenbait kasutan bertze adinekoak ere etortzen dira.
Saharako basamortuan dauden errefuxiatuen kanpamenduetan, udan egiten duen bero jasangaitza dela eta, batez ere haurrak dira kaltetuenak. Hala, udako hilabete beroenak goxoago pasatzeaz gain, euren herrian jaso ezin dituzten zerbitzuak eskaintzen zaizkie hemen Saharako neska-mutikoei.
Bide batez, Saharako herriaren egoera zein den ezagutaraztea ere bada Saharaztan elkarte sortu berriaren helburua.