San Jose Zurginaren Kofradiak bere 150. urteurrena ospatu zuen martxoaren 19an. Hildako bazkideen omenez eskainitako mezaren ondotik, bertan ziren kofradeek argazkia atera zuten, bandera beraiekin zutela. Gaur egun, 89 bazkide edo kofrade ditu San Jose Zurginaren Kofradiak eta Javier Indaburu eta Teodoro Iribarren dira maiordomo edo arduradunak, duela 25 urtez geroztik. Javier Indaburuk 77 urte ditu eta berak aipatu zuenez, 1846an sortutako Norberto Indaburu Berrueta bere atatxia izan zen Kofradiaren sortzaileetako bat. Geroztik bere atta eta Martin anaia ere kofradeak izan dira, bera bezalaxe. Kofradiak 1866ko erregistro liburua gordetzen du eta bertan ageri denez, aitzineragoko liburu bat ere bazen, gaur egun galdua dena. Kofradiaren bertze ezaugarria bere bandera edo estandartea da. Normalean urtean behin ateratzen da, Bestaberri egunean, baina 150. urteurreneko ospakizuna haundia dela pentsatuz, San Jose Egunean ere atera zuten, argazkian ateratzeko. Jorge Arizaletak zeraman bandera eta zintak kontzen Martin Indaburu eta Miguel Maria Azkarraga zeuden. Urte osoan Maria Dolores Danborienak zaintzen du bandera. Argazkiaren ondotik, Elutsa ostatuan elkartu ziren bazkari ederraren bueltan. Junta berritzea mahai gainera atera zen baina inork ez zuenez sartu nahi izan, Javier Indaburu eta Teodoro Iribarrenek segituko dute, bertze urte batez behinik behin, maiordomo eta arduradun lanetan. Bazkalondoko besta giroak berandura arte iraun zuen. Argazkian Kofradiako kideak ageri dira. Tartean, lau emakume: Feliziana Zubieta, Mari Tere Iparragirre, Ixabel Bergara eta Klemen Unanue.