141.768 euroko dirulaguntza eman dio Zapateroren Gobernuak Udalari

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 30a, 11:01

Baserrietara joateko bide batzuk moldatzeko erabiliko da dirua

Estatu espainiarrak krisiari eta langabeziari aurre egiteko neurrien artean diru kopuru bat banatu du udaletxe guztietan. Dirulaguntza honi Toki Inbertsioko Estatu-Fondoa deitzen zaio eta Etxalarri 141.768 euro egokitu zaizkio. Diru honen izaera berezia da; aurrekontuetik kanpo dauden inbertsioak egiteko balio du bakarrik.

Udalak hainbat alditan dirulaguntza eskatu eta ukatu izan zaizkion baserri-bide batzuk moldatzeko erabiliko du. Honela bada, Antsone- Mendiondoko bordara doan bide zatia eta Joanperitzeneko bordara doana zolaberrituko dira eta Lurriztiederra auzoan eta Urtzaileneko bordara doan bidean egonkortze lanak eginen dira. Modu honetan, urtetan moldatu izan ezin diren pista hauek itxura berria hartuko dute. Ubiria Excavaciones enpresak eginen ditu lan hauek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun