Bidasoaldeko XXII. Bertsopaper lehiaketa abian

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 30a, 10:33

Bidasoaldeko Bertsopaper Lehiaketaren XXII. edizioa zabalik dago. Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso Eskolak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin Baztan-Bidasoaldea inguruan bizi direnentzat antolatu dute aurten ere. Jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria.

Hiru mailatan banatu dute lehiaketa:

A mailan 12 urte arteko haurrek parte hartuko dute eta guttienez bi bertso edo lau kopla osatu beharko dituzte.
B mailan 12 urtetik 18 urte arteko gazteak sarituko dira eta guttienez lau bertso egin beharko dituzte.
C mailan, azkenik, 18 urtetik goitiko gazteek hartuko dute parte eta guttienez 8 bertso egin beharko dituzte.

Bertsoak maiatzaren 1era arte bidali beharko dira helbide honetara: Berako Kultur Etxea, Bidasoako XXII. Bertsopaper Lehiaketa, Eztegara pasealekua, 11, 31.780 Bera. Sariak maiatzaren 15ean emanen dira, 18:00-etan Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun