Eskualdeko 60 gaztetxo martxoaren 28ko Haur Kantari Jaialdian ariko dira Elizondon

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 27a, 11:30

17:00etan hasiko da saioa Lur dantzalekuan

Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldeko 60 neska-mutiko inguruk hartuko dute parte Haur Kantari Jaialdietan. Euskal Kantuzale Elkarteak antolatuta, martxoaren 6an abiatu ziren saioak, eta oraindik bertze bi gelditzen dira. Horietako bat asteburu honetan jokatuko da Altsasun, eta laugarrena martxoaren 28an Elizondoko Lur dantzalekuan, 18:00etatik aitzinera. Elizondon larunbat honetan zortzi jokatuko den saioan Ttipi-Ttapak hartzen duen eremuko gaztetxoek hartuko dute parte. Baztango partaideak Baztan Ikastolatik Xixuko Taldeak hartuko du parte. Pottoka izeneko abestia aukeratu dute eta guztira 12 neska-mutiko aterako dira.

Berako partaideak

Berako Jesusen Bihotza ikastetxetik ere taldean aurkeztuko dira. Axuriak Taldeko boskoteak Lor Taldearen Zure doinua kantua aukeratu du. Herri bereko Larun Taldean dauden hamar lagunek, berriz, Imuntzo eta Belokiren Sorgindu kantatuko dute eta Xantel Taldeko bertze hamarrek Euri ttanttak abestia. Izaro Iriarte bakarlariak ere kantatuko du, Ken Zazpi taldearen Haizea, hain zuzen.

Doneztebeko taldea

Doneztebeko San Migel Ikastetxe Publikoak ere ordezkaritza izanen du jaialdian. Juantxo Zeberioren Musu bat eta Latzenen Laztana kantuak taularatuko ditu 14 laguneko taldeak.

Goizuetatik bakarlaria eta bikotea

Goizuetako Xalto eskolakoek ere ez dute hutsik eginen Haur Kantari Jaialdian. Ainhoa Zabaletak berak eginiko Itzaltzen zoazela kantua abestuko du bakarrik, eta horrez gain, Oihane Zugarramurdirekin bikotean Hesianen Esaidazu.

Leitzako bakarlariak eta Gabezin Taldea

Leitza Erleta ikastetxetik hiru bakarlari joanen dira Elizondora kantatzera. Naia Barriolak Sugan taldearen Espetxeratua eta Antton Valverderen Iragana ahaztua aukeratu ditu; Garazi Erbitik Iriondoren Errota zaharra eta Hesian taldearen Behar zaitut eta Leire Erbitik, azkenik, Txatxamatxalinatxu kantu herrikoia. Leitzako Gabezin Taldeak, bertzalde, Goazen-en Zu ta ni eta Hesianen E.H. autodeterminazioa abestuko ditu. Elizondoko saioaren ondotik, bukaerako jaialdia, apirilaren 5ean eginen da Iruñeko Gaiarre antzokian, 17:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun