Baztan-Bidasoaldeko XXII. Bertsopaper Lehiaketara lanak aurkezten ahal dira

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 27a, 08:38

Bertsoak maiatzaren 1a baino lehen aurkeztu behar dira.

Bidasoaldeko hogeita bigarren Bertsopaper lehiaketa antolatu dute Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso Eskolak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, Baztan-Bidasoaldean bizi direnentzat. Jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira bakarrik eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria.

Hiru mailatan banatuak

Parte-hartzaileak hiru mailatan banatuko dira:
A mailan 12 urte arteko haurrek parte hartuko dute eta gutienez bi bertso edo lau kopla osatu beharko dituzte. Sariei dagokienez, lehenbizikoak 75 euro eta oroigarria; bigarrenak 50 euro eta oroigarria eta hirugarrenak 30 euro.
B maila: 12 urtetik 18 urte arteko gazteen bertsoak sarituko dira eta gutienez lau bertso egin beharko dituzte. Lehenbiziko saria 150 euro eta oroigarria izanen da; bigarren saria100 euro eta oroigarria eta hirugarrena 50 euro eta oroigarria.
C mailan 18 urtetik goitikoek hartuko dute parte eta gutienez 8 bertso egin beharko dituzte. Lehenbiziko saria 200 euro eta oroigarria izanen da, bigarrena 150 euro eta oroigarria eta hirugarrena 100 euro eta oroigarria.

Maiatzaren 1a arte

Bertsoak maiatzaren 1era arte (ortzirala) bidali beharko dira helbide honetara:
Berako Kultur etxea
Bidasoako XXII. Bertsopaper Lehiaketa
Eztegara pasealekua, 11
31780 BERA (NAFARROA)

Bertsoak onartuak izateko izenburua eta adina eramanen dute bakarrik agerian. Bertze gutun-azal itxi batean bertsoen izenburua paratuko da azalean, eta barrenean egilearen izen-abizenak, adina eta telefonoa.

Sariak maiatzaren 15ean

Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du, eta honen erabakia ezin izanen da gibelera bota. Epaimahaiak sariak hutsik utzi ahalko ditu, edo aipamen bereziak eman. Sariak Berako Kultur Etxean maiatzaren 15ean, ortzirala, arratsaldeko 18:00etan eginen den ekitaldian banatuko dira. Sari banaketa ekitaldian eskolarteko Baztan-Bidasoaldeko kanporaketa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun