Ortziraletik igandera eginen dira Sunbillako Kultur Egunak

ttipi-ttapa 2009ko mar. 26a, 13:43
Ogia labean egin zuten Sunbillan, joan den urteko Kultur Asteburuan TTIPI TTAPA

Igandean bigarren gazta lehiaketa eta artisau feria eginen dira

Sunbillako Antzakaitz Kultur Taldea, Eskolako Guraso Elkartea eta Antrotokiko gazteen artean Sunbillako Asteburu Kulturala antolatu dute martxoko azken astebururako. Lehengo urteko egitarauari segitu diote Kultur Egunak antolatzeko eta iazko arrakasta ere errepikatu nahiko lukete.

Ortziralean Korrika Ttikia

Martxoaren 27an, ortziralean, arratsaldeko 16:00etan Korrika Ttikia eginen da herrian barrena. Ondotik haurrendako jokoak izanen dira eta gaueko 22:00etan mus txapelketa Ulibeltzak Elkartean.

Munduko Kultura ezberdinen gastronomia lehiaketa larunbatean

Martxoaren 28an, larunbatean, goizeko 11:00etatik 13:00etara Munduko Kultura Ezberdinen gastronomia lehiaketa eginen da aurten ere. Iaz, Estatu Batuetako hanburgesa erraldoia, Italiako pasta frexkoa, Sanferminetako ajoarrieroa, Valentziako paella eta gisako platerak prestatu eta dastatu ziren. Ea aurtengoan zer prestatzen duten partehartzaileek. 11:30ean haurren herri kirolak izanen dira eta 14:30ean bazkaria Ulibeltzak Elkartean. Arratsaldez, 16:30etik 19:00etara birziklatze tailerra eta jokoak izanen dira haurrendako eta tartean berendua ere izanen da. Haurrak tailerrean dauden bitartean, gazteek poteoa eginen dute eta ondotik pintxoak izanen dira txoznan. 21:00etatik 22:00etara dantzaldia izanen da Jalisko Band taldearekin eta Jaione Olazabal kantariarekin. 23:00etan Luz de Putas taldeak kontzertua eskainiko du eta gauerditik aitzinera gaupasa izanen da.

Bigarren urtez, gazta lehiaketa eta artisau feria igandean

Martxoaren 29an, igandean, goizeko 10:00etatik 13:30era Bigarren Gazta Lehiaketa eta Artisau Feria eginen dira Latasa plazan. Gogoratu behar da iazko lehenbiziko edizioan sunbildarrek egindako hainbat eskulan ikusteko aukera izan zela, baita labean egindako ogia edo taloak dastatzeko modua ere. 11:00etan herriko trikitilariek emanaldia eskainiko dute eta 14:00etan bazkaria izanen da Ulibeltzak Elkartean. 17:00etan herriko haurrek dantza saioa eskainiko dute eta 18:00etan txokolate jatea izanen da. Ondotik haurrentzako antzerkia ere izanen da.

Korrika handia astelehenean

Kultur Egun horien barne, eta egitarauan azaltzen den moduan, Korrika 16 ere Sunbillatik pasatuko da martxoaren 30ean, 15:30ean. Antrotokik erositako kilometroa San Tiburtzio parean hasiko da eta Itturburu ondoraino joanen da. Hemen Ulibeltzak Elkarteak eta Udalak erositako kilometroaren txanda izanen da, Kontxako gasolindegiraino bitartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun