Nafarroako Herri Kirol Jolasetako jubenil mailako bi finaletan izanen dira Errekako pilotariak

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 25a, 10:24

Elgetako txapelketan finalerdietarako sailkatu da Joseba Madariaga

Nafarroako Herri Kirol Jolasen barrenean, lehen mailako jubeniletan finala jokatuko dute larunbat honetan Errekako Gaizka Bendoirok eta Imanol Juanenak, finalerdietako itzuliko partidan 22 eta 13 irabazi baitzieten Zugarraldeko Altzuarte eta Zabalzari. Beraz, finalerdietako bi partidak irabazita sailkatu dira Errekakoak. Bigarren mailako jubeniletan ere finalerdietako itzulerako partida jokatu zuten San Jose egunean Donezteben Errekako Irail Zestau eta Xabier Carrionek, Oberenako Linzoain eta Martinezen kontra. Joaneko partida 22 eta 13 irabazia zuten Errekakoek, baina etxean galdu egin zuten 13 eta 22. Beraz, partida bana irabazia tanteo berberarekin, baina larunbateko finalerako txartela Errekakoek lortu zuten, bikote gazteena zelako.

Elgetako lau terdiko txapelketa

Elgetako lau terdiko txapelketan, 23 urtez beheitiko kategorian Errekako hiru pilotari aritu ziren martxaren 20 eta 21ean. Imanol Baleztenak 10 eta 22 galdu zuen Hernaniko Ojuel-en kontra. Unai Madariagak ere galdu egin zuen, 14 eta 22, Bergarako LarraƱagaren kontra. Gazteagoa izanagatik ustekabea emateko punttuan egon zen Madariaga, 12 eta 8 irabazten eta tantu ederrak egiten ari baitzen, baina azkenean LarraƱagaren esperientzia gailendu zen. Joseba Madariaga aranztarrak, aldiz, 22 eta 10 irabazi zion Muguruzari. Eskuinez bikain ibili zen eta itxura ederra eman zuen.

Zizur Nagusiko txapelketa finalerdietan sartua

Zizur Nagusiko lau terdiko hamalaugarren txapelketa ere finalerdietan sartuko da heldu den asteburuan. Joan den igandean, final laurdenetako zenbait partida jokatu zituzten Errekako pilotariek. Benjamin mailan, iaz txapeldun izan zen Iker Salaberriak 16 eta 7 irabazi zion Arbelaitz lesakarrari eta heldu den igandean finalerdia jokatuko du Azpeitiako Ilunpeko Alberdiren kontra. Kadetetan, Errekako Mikel Maia lesakarrak 18 eta 11 irabazi zion Zelaiari, 0-8 galtzen joan ondotik. Senior mailan finalerdietarako txartela lortu zuen Joseba Madariagak, Lizarrako San San Miguel elkarteko Plazari 18 eta 7 irabazita. Jubenil mailan gehiago sufritu behar izan zuen Gaizka Bendoirok. Hernaniko Santxoren kontrako partida hasieran nagusi izan zen, 11-4. Gero, 14-17 galtzen joan zen, baina azken lau tantuan segidan egin zituen, 18-17 irabazteko. Halere, eskuak xehetuak zituela bukatu zuen eta zalantza da finalerdietarako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun