Nafarroako Herri Kirol Federazioak material didaktiko berriak argitaratu ditu

ttipi-ttapa 2009ko mar. 25a, 10:21
Mikel Lasarte liburuxken egilea, Jose Javier Esparza Nafarroako Kirol Institutuko zuzendaria eta Ruben Goñi, Sakanako Mankomunitateko ordezkaria, astearteko aurkezpenean. TTIPI TTAPA

Herri Kirolak bultzatu eta zabaltzea da 5 aldizkari eta 2 DVDen helburua

Nafarroako Herri Kirol Federazioak sortu dituen material didaktikoak aurkeztu ditu, bertako kirolak bulzatzeko asmoz. Lan hau 2003an hasi zuen eta 2011ean bukatzea espero du, erakundearen XX. urteurrenarekin batera. Guztira 10 kirol aztertu dira, Nafarroan gehien edatuta daudenak, hain zuzen ere. Aipatu herrialdea da gaur egun erreferentzia nagusia herri kiroletan. Guztira 5 monografiko egin dira, harri jasotzea, aizkora, trontza, iparraldeko jokuak (6 modalitate) eta sokatirari buruz. Monografiko horiek aldizkari itxurakoak dira. Bi bideo ere egin dira, harrijasotzea eta sokatirari lotuta, Ttipi-Ttapa Telebistak ekoitzitakoak.
Material hauen helburu nagusia herri kirolak bultzatu eta zabaltzea da. Hortaz gain, bere sorrera, garapena eta ezaugarriei buruzko argibideak eman nahi izan dira. Arlo teknikoa eta araudia ongi aztertzen dira kirol bakoitzean, orain arte inoiz ez bezala. Beste alde batetik, bertako kirolei buruz dagoen bibliografia eskaxa zabaldu nahi da, erreferentzia berriak sortuz.
Argitalpen hauek elebidunak dira, euskaraz eta erdaraz irakur daitezke. Grafikoak dira, argazkiek eta irudiek garrantzia handia dute, irakurketa errazteko asmoz. Arlo orokorra eta teknikoa jorratzen dira, gaur egun arte egon den gabezaia nagusietako bat gaindituz. Txapelketa ofizialei buruzko zenbait datu topa daitezke, baita kirolari eta marka nagusienei buruzko argibideak ere.

Federazioan banatuko dira soilik

Material hauek Nafarroako Herri Kirol Federazioaren egoitzan banatzen dira soilik, Sunbillan. Telefona honakoa da: 948-450900 eta posta elektronikoa: herrikirolaknafarroa@hotmail.com. Ikastetxeentzako dohainik banatzen dira, eskariaren arabera. Bilduma osoa 20 eurotan saltzen da, eta aleak banaka nahi izanez gero, 5 eurokoa da salneurria. Material hori guztia argitaratzeko laguntza ekonomikoa eman duten erakunde eta instituzioen ekarpena eskertu nahi du Nafarroako Herri Kirol Federazioak: Nafarroako Gobernua, Sakanako Mankomunitatea, Arangurengo Udala, Lesakako Udala, Doneztebeko Udala, Diario de Noticias egunkaria, Nafarroako Rural Kutxa eta Idiazabal gaztaren jatorrizko izendapena. Federazioak, etorkizunean, babes bera izatea nahiko luke, proiektu berriak garatu ahal izateko, herri kirolaren onerako.

Mikel Lasartek idatzitako liburuxkak

Mikel Lasartek idatzi ditu aldizkariak. Lasarte Nafarroako Federazioko lehendakaria izan zen 2001 eta 2004 bitartean, harrijasotzailea da eta baita Sakanako Harri-jasotze Eskolako Arduraduna ere. Mikel Lasartek aipatu duenez, “Nafarroa herrialde indartsua da herri kiroletan, eta batez ere, hamar kirol edo modalitatetan. Material didaktiko horrekin erraztu egin nahi dugu herri kirolen praktika, eta halaber, bibliografian zegoen hutsunea betetzen saiatu gara; erreferentzia izan nahi dugu kirol horietan hasi nahi dutenentzat”. Egun, federazioaren egituraketa “sendoagoa” dela nabarmendu du Lasartek. 400 fitxa inguru dituzte, gehienak sokatiran, talde-kirola delako. Aizkora ere indarrean dela aitortu du. Halere, Lasartek aitortu du herri kirol modalitate batzuetan badutela gabezia edo hutsunerik, sega eta probak esate baterako. Segari dagokionez, azken hiru urteotan txapelketa antolatu du federazioak, eta segalari kopurua gizendu nahi luke. Probei dagokienez; hots, abere eta giza probak, Lasartek hauxe gogorarazi du: “garai batean Nafarroan izan ziren harri probak, Betelu eta inguruetan gehienbat, baina gero galdu egin ziren eta zail izango da berreskuratzea, gizartea ere aldatu egin delako”.

Herri kirola kontuan hartzeko eskaria soinketa irakasleei

Jose Javier Esparza, Nafarroako Kirol Institutuko zuzendariak zorionak eman dizkio Nafarroako Herri Kirol Federazioari. Ondoren, laguntza eman izanaren arrazoia agertu du: “Ahalegina egiten duenari ematen diogu laguntza, eta batez ere, bere eskaintza promozioan oinarritzen duenari eta baloreei lehentasuna ematen dietenei. Egitasmo pilotoa abian dugu eskoletan, eta horri eman nahi diogu indarra, alde batera utzita pittin bat goi mailako konpetizioa, eta guztion artean lortuko dugu emaitza. Eskari berezia egiten diet soinketa irakasleei kirol horiek ere beren lekua izan dezaten”.

Segari eta herri kirolen jatorriari buruzko lanak egiteko asmoa

Prentsa agerraldia akautu aitzin, Lasartek hurrengo lanen aipamena egin du: “Aurten segari buruzko liburuxka argitaratuko dugu. 2010ean, berriz, herri kirolen jatorria, etnografía eta historia lotuko dituen beste ale bat argitaratzeko asmoa dugu. 2011 izango da mugarria, orduan beteko baitira federazioa sortu zeneko 20. urteurrena, eta hori baliatu nahi dugu bilduma egiteko”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun