Sortu berria den Saharaztan taldeak Saharako umeak udan gure etxetan hartzeko “Oporrak pakean 2009” izeneko kanpaina abian jarri du. Urtero bezala, uda honetan ere Saharako haurrak uda honetan etxean hartzeko familiak behar dira. Interesatua egonez gero telefono hauetara deitu behar da: Baztanen 948 452372; Malerrekan 948 451787 eta Bortzirietan 690 687990. Apuntatzeko epea apirilaren 14a artekoa izanen da.
Kanpamenduetako beroari ihes
Jakina denez, Euskal Herri osoko herrietara hainbat eta hainbat haur saharar etortzen dira bertako familiekin uda pasatzera. 14 urte inguru pasatu dira Saharaztanek Saharako haurrak ekartzeko ekimena martxan jarri zuela. Joan den urtean, erraterako, guztira 11 etorri ziren Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldera. Duela bi urte, berriz, gehiago, 14. Ekainean etorri eta abuztuan hartu zuten etxerako bidea. Ofizialki, 7 eta 12 urte arteko haurrak har daitezke etxean. Halere, zenbait kasutan bertze adinekoak ere etortzen dira. Saharako basamortuan dauden errefuxiatuen kanpamenduetan, udan egiten duen bero jasangaitza dela eta, batez ere haurrak dira kaltetuenak. Hala, udako hilabete beroenak goxoago pasatzeaz gain, euren herrian jaso ezin dituzten zerbitzuak eskaintzen zaizkie hemen Saharako neska-mutikoei. Bide batez, Saharako herriaren egoera zein den ezagutaraztea ere bada Saharaztan elkarte sortu berriaren helburua.
Saharaztan
Duela gutti arte Baztan-Bidasoa aldeko Saharar Herriaren Aldeko Elkartasun Taldea izan dena, Saharaztan da joan den hilabeteaz gerozstik. Nafarroa osoa hartzen duen ANAS elkartearekin harremenetan dago.