Eskualdeko suhiltzaileen parkeek 169.000 euroko laguntza jasoko dute aurten

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 23a, 12:55

Asteburu honetan hainbat ateraldi egin behar izan dituzte, suteak direla eta

Nafarroako Gobernuak 270.000 euro bideratu ditu suhiltzaile boluntarioen parkeen mantenimendu lanetarako. Laguntza honekin, urteko ohiko gastuak ordainduko dituzte parkeetan eta zenbait kasutan, inbertsioak ere eginen dituzte. Gaur egun, boluntarioez osatutako zazpi parke daude Nafarroan, 141 bonberorekin. Hauek, sua itzaltzeaz gain, salbamendu lanetan aritzen dira, errepideak garrbitzen, zuhaitzak kentzen, erreskatetan edo suertatzen ahal diren bertze lanetan. Eskualdeko suhiltzaileen parkeek harti duten diru kopuruei dagokienez, Berakoak 30.997,95 euro jasoko ditu; Goizuetakoak 36.031,44 euro; Leitakoak 67.990,40 euro, horietatik 40.000 kamioiari txasisa aldatzeko; eta Lesakakoak 33.932,58 euro. Beraz, guzira 169.000 euro ailegatuko dira eskualdeko suhiltzaile parketara.

Burdinezko atea Beran eta bertze ibilgailu bat Lesakan

Honetaz gain, Nafarroako Larrialdi Agentziako (ANE) zuzendari nagusiak, David Sainz Jimenezek, Berako parkean burdinezko ate bat jartzeko eta Lesakakoan bertze ibilgailu bat erosteko erresoluzioa sinatuko omen du laister. Joan den urtean, 54 ikaslek, tartean 5 emakumek, suhiltzaile boluntario izateko oinarrizko ikastaroa gainditu zuten eta Agoitz, Bera, Goizueta, Leitza eta Lesakako parkeak sendotu zituzten. Parkeak egokitzeko prozesua ere iaz akautu zen, Goizuetako parke berriaren inaugurazioarekin eta orain ibilgailuak berritzen hasi nahi dute.

Asteburuan hainbat ateraldi

Joan den asteazkenetik, martxoaren 18tik hasita, hainbat ateraldi egin behar izan dute bonberoek aste honetan. Martxoaren 18an, Erratzuko Gorramakil mendiaren inguruan 17 Hektarea erre zituen suak. Oronozko suhiltzaileek Nafarroako Gobenruko helikopteroaren laguntza izan zuten itzaltze lanetan. Oronozko bonberoek Otsondora ere joan behar zuten, zuhaizti hektarea bat erre zuen sua itzaltzera eta bertze horrenbertze egin behar izan zuten Almandozen, tunelen gaineko aldean 1,2 hektarea larre erre baitziren. San Jose egunean, Beartzun inguruan gertatu zen sutera ere atera behar izan zuten Oronozko suhiltzaileek eta Beintza-Labaien eta Donamarian ere gertatu ziren sute ttikiagoak. Martxoaren 22an, igandean, azkenik, Gartzain, Almandoz eta Iruritako sutetara atera ziren Oronozko suhiltzaileak; Lesakako suhiltzaileak Arantzara atera ziren, 6 hektarea kixkali zuen sutea itzaltzera eta Leitzakoek 8 Hektarea erre zituen beste bat itzali behar izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun