San Jose Zurginaren Kofradiak 150 urte bete ditu Etxalarren

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 23a, 16:49
Kofradiako kideak elizatarian bildu ziren argazkia ateratzeko. TTIPI TTAPA

Gaur egun 89 bazkide ditu eta aunitz San Jose egunean elkarretaratu ziren

Etxalarko San Jose Zurginaren Kofradiak bere 150. urteurrena ospatu zuen martxoaren 19an. Hildako bazkideen omenez eskainitako Mezaren ondotik, bertan ziren kofradeek argazkia atera zuten, bandera beraiekin zutela. Gaur egun 89 bazkide edo kofrade ditu San Jose Zurginaren kofradiak eta Javier Indaburu eta Teodoro Iribarren dira mayordomo edo arduradunak, duela 25 urtez geroztik. Javier Indaburuk 77 urte ditu eta berak aipatu zuenez, 1846an sortutako Norberto Indaburu Berrueta bere aitatxia izan zen kofradiaren sortzaileetako bat. Geroztik bere aita eta Martin anaia ere kofradeak izan dira, bera bezalaxe. Kofradiak 1866ko erregistro liburua gordetzen du eta bertan ageri denez, aitzinagoko liburu bat ere bazen, gaur egun galdua dena.

Bandera

Kofradiaren bertze ezaugarria bere bandera edo estandartea da. Normalean urtean behin ateratzen da, Bestaberri egunean, baina 150. Urteurreneko ospakizuna handia dela pentsatuz, San Jose egunean ere atera zuten, argazkian ateratzeko. Jorge Arizaletak zeraman bandera eta zintak kontzen Martin Indaburu eta Miguel Maria Azkarraga zeuden. Urte osoan Maria Dolores Danborienak zaintzen du bandera.

Argazkiak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun