Zugarramurdiko Sorginen Museoa bisitatu zuten Nafarroako parlamentariek martxoaren 18an

ttipi-ttapa 2009ko mar. 23a, 13:42
Nafarroako parlamentariak Zugarramurdiko Sorginen museoaren atarian. TTIPI TTAPA

2008ko datuak eta etorkizunerako proiektuak ezagutu asmoz

Nafarroako Parlamentuko Kultura eta Turismo Batzordeak Zugarramurdiko Sorginen Museoa bisitatu zuen martxoaren 18an. UPNko Reyes Carmona, Carmen Gonzalez eta Sergio Sayas, NABAIko Paula Kasares eta Patxi Telletxea eta PSNko Roman Felones eta Maria Victoria Arraiza joan ziren Zugarramurdira eta bertan, Jesus Agerre alkatearen, Ainhoa Agirre Zugarramurdiko Garapena elkarteko gerentearen eta Izaskun Abril Cederna-Garalur teknikariaren harrera jaso zuten.

Urte terdian 28.677 bisitari

Parlamentarien asmoa, museoaren 2008ko datuak eta etorkizunera begira dituen helburu eta proiektuen berri lehen eskutik jasotzea zen. Honela, Izaskun Abril eta Ainhoa Agirrek prestatutako ikusentzunekoa ikusi zuten eta bertan aipatu zutenez, 2007ko uztailean ireki zenetik eta 2008ko urte akabaila bitarte, 28.677 bisitari jaso ditu Museoak. Museo honetan 1.800.000 euroko inbertsioa egin da eta horietatik 700.000 euro Zugarramurdiko Udalak ordaindu ditu. Horregatik, etorkizunera begira lanean segitzeko asmoa azaldu dute, gero eta bisitari gehiago eta landa turismoak gero eta indar gehiago duela kontuan hartuz. Izaskun Abrilek aipatu zuenez, “80 lagunendako aterpe turistikoa irekiko da laister, ostatua eta jatetxeaz hornitua egonen dena eta horrek herriko eskaintza osatuko du”. Ainhoa Agirrek aipatu zuenez, “arrakastaren giltza, ondarea ongi gordetzea da, baita produktu iraunkorren sorkuntzan oinarritutako kudeaketa turistikoa ere”.

Bixita

Behin ikusentzunekoa azaldu ondotik, parlamentariek museoa bisitatu zuten Idoia Sanz eta Ainara Abeteren laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun