Xabier Silveirak Nafarroako seigarren txapela jantzi zuen

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 23a, 16:38
Xabier Silveirak seigarren txapela jantzi du Nafarroan, orain arte inork lortu ez zuen marka. TTIPI TTAPA

Lehen aldiz desenpatean erabaki zen txapelduna, Julio Sotorekin aurrez aurre aritu behar izan baitzuen lesakarrak

Nafarroako bertsolari txapelketan lehen aldiz desenpateak erabaki zuen finala. Desenpate horren protagonista Xabier Silveira eta Julio Soto izan ziren, eta gorritiarrak seiko txikiko ariketan egin zuen poto batek jarri zuen txapela Lesakarako bidean. Silveirarentzat seigarrena. 617 puntu eskuratu zituen denera eta Sotok 606,5. Hirugarren postua finaleko neska bakarrarentzat izan zen, Erika Lagoma lesakarrarentzat, 430 punturekin eta laugarren postua ere bertze lesakar batek eskuratu zuen, IƱigo Olaetxeak, 423,5 punturekin. Lau lehenbizikoek, aurten jokatuko den Euskal Herriko txapelketa nagusirako txartela eskuratu zuten. Puntu erdi batengatik txapelketa horretatik kanpo gelditu da Jon Barberena, bosgarren 423 punturekin. Kartzeleko gaian bikain ibili zen, Mikel Laboaren Izarren hautsa doinua erabiliz eta hiru bertso sentikor kantatuz, baina aitzinetik ez zuen bere mailara iristea lortu. Seigarren postuan iazko txapelduna, Julen Zelaieta sailkatu zen 420 punturekin; zazpigarren Xabier Legarreta aranoarra izan zen 417,5 punturekin eta zortzigarren, bere bigarren partehartzean lehen aldiz finalean kantatzea lortu duen Ander Fuentes Itturri zubietarra.

Euskal Herriko txapelketarako lau txartel jokoan

Euskal Herriko txapelketarako txartelak jokoan zeudela eta finalerako pronostikoa nahiko irekia zegoela kontuan hartuz, tentsio handia somatu zen oholtza gainean. Lur dantzalekua lepo betea zegoen, 1.200 bat lagunekin eta hasieran jende aunitz kanpoan gelditu behar izan zuen, sarrerak agortu zirelako. Zortziko ttikian, Olaetxea eta Silveira ongi moldatu ziren. Sei puntuko motzean Zelaieta eta Sotok ale politak utzi zituzten. Kartzeleko gaian, Hurbileko norbait joan zaizu, zenbat maite zenuen erran gabe gaiari kantatu behar izan zuten eta gehienek, hildako senideei kantatu zieten. Silveirak antidisturbioei ihesi ezagututako neska bat hartu zuen gogoan eta Barberenak ere maitasun kontuak kantatu zituen. Denentzako lana bukatutakoan epaia: berdinketa Silveira eta Sotoren artean eta biek lanari ekin behar berriz ere. Seiko motzean aritu ziren lehenik, bizkor eta txukun, baina erritmoa errima bat bertzearen segidan atera zen Gorritikoaren ahotik. Bigarren kartzeleko gaian, Aspaldiko partez bertze bat eskatu dizute gaiari erantzun zioten. Sotok hala bukatu zuen lehen bertsoa: "bigarren egin nun eta; nitaz denak ahaztu ziren" . Ez da horrela izanen, txapelketa handia egin du eta etorkizuna (eta Silveirak emandako bixera) berea da.

Sotok eta Silveirak bina agur

Xabier Silveirak urtetan epaimahaikide izan den Joxe Urrozen eskutik hartu zuen txapela eta bere agurrean, jendartera bota zuen, entzuleak eskertzeko. Julio Sotok bezalaxe, azkeneko bi agur bota behar izan zuen, jendearen gozamenerako. Bigarrenean, preso dauden Santse, Mattin, Igor eta Ittur lesakarrak gogoan hartu zituen txapeldunak.

Argazkiak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun