Nafarroako Herri Kirol Jolasetako laugarren jardunaldia jokatuko da igandean Berroetan

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 18a, 15:24
Igantziko taldea arpanean joan den urtean Arantzan jokatutako jardunaldian. TTIPI TTAPA

Eguraldi txarra egiten badu, Iruritan jokatuko da

Aitzinera doaz Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirol Institutuarekin batera antolatutako Herri Kirol Jolasak. Ohi bezala, hiru kategorietako neska-mutikoak ari dira lehian: kimu edo alebinak (11-12 urte), haur edo infantiak (13-14 urte) eta kadeteak (15-16 urte).

Haur eta kadete mailetan bi txapelketa egiten dira: sokatira eta proba konbinatua. Alebin mailakoak, berriz, proba konbinatuetan bakarrik aritzen dira.

Aurtengoan, alebin mailan 9 talde ari dira: Berriozar A eta B, Ultzama, Baztango Basaburua, Igantzi, Arantza, Etxarri Aranazko Andra Mari eta Trumoiak eta Altsasuko Iñigo Aritza.
Haurren proba konbinatuan lau talde ari dira: Berriozar, Ultzama, Basaburua eta Andra Mari. Sokatiran, berriz, hiru dira, Ultzama ez baita ari.

Kadete mailako proba konbinatuan Basaburua, Etxarri Aranazko Andra Mari eta Putterri eta Txantrea dabiltza eta sokatiran, talde horiez gain, Altsasuko Iñigo Aritza.
Etxarri Aranatzen, Larraintzarren eta Altsasun jokatutako jardunaldien ondotik, igande honetan, hilak 22, Berroetan jokatuko da laugarrena (euria egiten badu, Iruritan). Finala Berriozarren jokatuko da apirilaren 5ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun