Nafarroako bertsolari txapelketaren finala larunbatean jokatuko da Elizondon

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 18a, 15:22

Arratsaldeko 17:30ean hasiko da saioa Elizondoko Lur dantzalekuan

Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa azken mugarrira ailegatu da. Inoiz baina luzeago eta oparoagoa izan da bidea; urtarrilaren 31n Txapelketa martxan jarri zenetik atzean lau final-laurden eta hiru final-aurreko gelditu dira: Auritz, Igantzi, Betelu, Tafalla, Goizueta, Altsasu, Antsoain…eta, azkenean, Elizondora ailegatu da Txapelketa, finalerako sailkapena lortu duten zortzi bertsolariekin. Zortzi horiek dira finalean arituko direnak, baina bidea ez dute erraza izan, gauzak oso estu joan baitira azken saio arte eta hainbat bertsolari finalaren atarian gelditu baitira. Finalean ere oso lehia estua aurreikusten da, faborito argi-argirik ez dago eta taula gainean eskarmentu eta kalitate handiko bertsolariak arituko dira: Xabier Silveira, Julio Soto, Iñigo Olaetxea, Erika Lagoma, Xabier Legarreta, Julen Zelaieta, Jon Barberena era Ander Fuentes “Itturri”. Azken hau da finalean lehen aldiz kantatuko duen bakarra, Antsoaingo saioan ozta-ozta lortu zuen sailkatzea zubietarrak. Gainera, aurten ez da soilik txapela jokoan, Nafarroako Txapelketako lehenengo lau sailkatuek udazkenean jokatuko den Txapelketa Nagusirako sailkapena lortuko dute. Lau urtetik behin egiten da Txapelketa eta horretan parte-hartzea kontsolamendu saria baino askoz gehiago da.

Finaleko lana

Honakoa da finalean bertsolariek egin beharko duten lana: Zortziko handian binaka gaia emanda 3na bertso osatu arte Zortziko txikian binaka ofizioka 3na bertso osatu arte Zortziko txikian bi punturi erantzun Sei puntuko motzean binaka ofizioka 3na bertso osatu arte Kartzela: gaia emanda bakarka hiru bertso Desenpatea (behar bada): Hamarreko txikian gaia emanda 3na bertso osatu arte Kartzela: gaia emanda bakarka bi bertso Finala arratsaldeko 17etan hasiko da Lur aretoan, sarrerak bertan erosten ahalko dira, 15,30etatik aurrera. Sarrera normalaren prezioa 15 eurokoa da; Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat, 10 eurokoa.

Zortzi finalistak

Julen Zelaieta (Bera, 1980): 1999an hartu zuen parte lehenengoz Nafarroako Txapelketan. 2005ean eta 2006an hirugarren izan zen, 2007an bosgarren eta iaz txapela eskuratu zuen, Elizondon bertan.
Xabier Silveira (Lesaka, 1976): Nafarroako txapeldun izan da bost aldiz (1997, 2004, 2005, 2006 eta 2007an). Iaz atsedenaldia hartu eta ez zuen Txapelketan parte hartu. Aurtengoan, Tafallako final-laurdena eta Altsasuko finalaurrekoa irabazi ditu.
Julio Soto (Gorriti, 1987): Eskolarteko Txapeldun izan zen 2003, 2004 eta 2005ean. 2006an Nafarroako Txapelketako finalean sartzea lortu zuen eta iaz hirugarren postua lortu zuen.
Erika Lagoma (Lesaka, 1981): Bitan izan da Eskolarteko txapelduna. 2004an hartu zuen parte lehen aldiz Nafarroako Txapelketan eta 2006, 2007 eta 2008an finalean izan da. Iaz laugarren egin zuen.
Xabier Legarreta (Arano, 1976): Nafarroako Txapelketako finalean ohiko finalista da, eta 2000. urtean bigarren egin zuen. Atsedenalditxoa hartu ostean, iaz itzuli zen Txapelketara eta seigarren egin zuen.
Iñigo Olaetxea (Lesaka, 1975): Nafarroako Txapelketako beteranoenetakoa da, eta ohiko finalista azken urteotan. Posturik onena 2007an lortu zuen, hirugarren egin zuen. Iaz, berriz, zortzigarren postuan gelditu zen.
Jon Barberena (Elizondo, 1979): Nafarroako txapela oso hurbil izan du bitan, 2007an txapeldunordea izan zen. Iaz ere, bigarren postuarekin konformatu behar izan zen, Julen Zelaietaren atzetik.
Ander Fuentes “Itturri” (Zubieta, 1979): Bere kasa ikasi zuen bertsotan eta iaz lehen aldiz hartu zuen parte Nafarroako Txapelketan, baina ez zuen finalerako sailkatzerik lortu. Aurten bai, Antsoaingo saioan finalerako txartela eskuratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun