Bera eta Lesaka lotuko dituen martxa antolatu du ELAk martxoaren 28rako

Aitor AROTZENA 2009ko mar. 18a, 15:19
ELAk asteazken eguerdian eman du prentsaurrekoa Donezteben. TTIPI TTAPA

Baztan-Bidasoaldean 2.000 langile baino gehiago espedienteren batean sartuak daudela adierazi du Joxe Mari Arribillagak

Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekan ordezkaritza sindikalaren erdia baino gehiago duen ELA sindikatuak martxoaren 28an Bera eta Lesaka lotuko dituen martxa antolatu du, “Gure etorkizunaren alde, enplegua babestuz etorkizuna bermatu” izenburupean. Oinezko ibilaldia arratsaldeko 16:00etan abiatuko da Berako Savera enpresaren paretik eta Lesakako plazara ailegatuko da. ELA sindikatuak jarritako autobusak zain izanen dira Lesakan, jendea bueltan Lesakara eramateko. Bezperan, martxoaren 27ko eguerdian, kontzentrazioa eginen dute Doneztebeko Enplegu Bulegoaren atarian.
ELA sindikatuak horren berri eman du asteazken eguerdian Donezteben. ELAk eskualdeko lantegietan dituen ordezkariekin batera, Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko koordinatzailea, Joxe Mari Arribillaga, Behe Bidasoako arduraduna eta Xabier Perez, Oarso-Bidasoako ELAko arduraduna aritu dira solasean.

"Aberastasuna banatzea"

Mitxel Lakuntzak aipatu zuenez, ELA egiten ari den kanpainaren ardatza “aberastasuna banatzea” da. Krisiaren muina hori dela aipatu zuen. Kanpainak bi helburu nagusi ditu: batetik enpresetan sindikatuak zer egin behar duen azaltzea, baita lantegietatik kanpo ere zer egin behar duten. Lakuntzak aipatu zuenez, azken hiru hilabetetan langabezira pasatu diren langileen %90a behin behineko kontratua zuen. Gaur egun 37.000 langabetu daude Nafarroan. Nafarroako ELAko koordinatzaileak enplegua eta soldata berezi nahi izan zituen: “bi gauza ezberdin dira, ezin dira parekatu, baina enpresa askotan saiatzen ari dira bi kontu hauek parekatzen, eta enplegua soldataren truke aldatzea. Enpresarioek egoera aprobetxatu nahi dute eta lanpostua mantentzearen truke, soldataren %40ko murrizketa ere planteatzen dute. Hori ezin da onartu, txantaje bat egiten saiatzen ari dira”. Nafarroako Gobernua ere kritikatu zuen Mitxel Lakuntzak, “politika sozial batekin krisiari aurre egin ordez, aurrekontuak %7an murriztu dituelako”. ELAk apirilaren 3an Iruñeko Labrit betetzeko mobilizazioa eginen duela ere gogoratu zuen.

Mila langabetu, 2.000 langile baino gehiago espedienteren batean murgilduak

Jose Mari Arribillaga inguru honetako datuak eman zituen: honela, Baztan-Bidasoa inguruan, 600 kilometro koadroan 20.000 bizilagun biltzen dira, horietatik 7.500-8.000 langile daude, mila inguruan langabezian eta 2.000tik goiti erregulazio espedienteren batean murgilduak daudela kalkulatu zuen. “Hori kezkagarria da” erran zuen Arribillagak. Aceralia, Condesa, Fundiciones, Savera, Hidrorubber, Composites-Gurea, Palmadera eta Aspace aipatu zituen Bortzirietan, espedientetan eta arazoetan murgildutako enpresen adibide gisara. Malerrekan, zurgintzarekin lotutako enpresak izan dira kaltetuenak: Maderas Zabala, Aparan… Baztanen ERErik ez dela, baina bertze modu batera jokatu dutela gogoratu zuen Arribillagak: “eraikuntza da garrantzitsuena eta jokua egiten dute, oporraldiak hartuz…”. Garai batean “Teruel existe” erramoldea eskualde honetara egokitu eta Nafarroako Mendialdea ere esistitzen dela gogorarazi nahi izan zion Joxe Mari Arribillagak Nafarroako Gobernuari. Arcelor-Mittalen egoerarekin ere kezka azaldu zuen, “azarotik honat lan guttirekin baitabiltza eta 800 langile dituen enpresa da eta inguru honetako motorra da”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun