Etxauriko Harria Txapelketa jokatuko dute Urrutia, Bertiz eta Irigoienek hilaren 29an

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 18a, 15:22

Leitzarrak, sunbildarrak eta errezildarrak 136,5 kiloko harri baldarra jaso beharko dute

Etxauriko harri baldar ezagunarekin, Alberto Lakostaren oroimenez antolatzen den txapelketa jokatuko da martxoaren 29an, igandearekin, Etxaurin (Nafarroa). Eguerdian 12:30ean hasiko da jaialdia, eta Josetxo Urrutia leitzarrak, Unai Bertiz sunbildarrak eta Aimar Irigoien errezildarrak hartuko dute parte. Harri baldar horrek 136,5 kilo pisatzen ditu.

VI. edizioa

Etxauriko Harria Txapelketaren seigarren edizioa izanen da aurtengoa. Harriaren forma da txapelketa ezagun egin duena. Izan ere, forma irregularra du eta horrek zaila egiten du jasotzea. Bere garaian apostuak egiteko erabiltzen omen zen.
Orain arte harri honekin egin diren saiakeretan, batzuk eskualdeko kirolariek egindakoak izan dira. 2000. urtean antolatu zen lehen aldiz Alberto Lakostaren omenaldia, eta orduan, Patxi Larretxeak jaso zuen. Josetxo Urrutia leitzarra ere behin baino gehiagotan saiatu izan da. Bere bi ahalegin hutsean gelditu ziren, baina azkenean, hirugarrenean lortu zuen jasotzea, 2005ekotxapelketan izan zen hori. Bortz minututan sei aldiz jasotzea lortu zuen Urrutiak. Geroztik, bederatzi altxaldi ere eginak ditu leitzarrak. Marka Joseba Ostolazak jarria dauka, 13 jasoaldirekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun