Michel Etcheverry kantariak alaitu du amorroin kofradiaren 25. besta

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 18a, 14:55
Michel Etcheverry Heletako kantaria Senpereko amorroinaren kofradiako adiskide berria da. Christian Fourgeau kofradiako buruak ongi etorria eman zion. TTIPI TTAPA

Turismo Bulegoak eta kofradiak elkarlana bultzatuko dute datozen urteetan

Senpereko amorroinaren kofradiak haundiki ospatu du bere hogoita bortzgarren urtemuga joan den martxoaren 8an, emazte langilearen egunaren karietarat. Elkarretaratze baten eta mezaren ondotik, Akitania osoko eta Hego Euskal Herriko gonbidatuak Inharrean bildu ziren, Ibarrunen. Andere auzapezak ongi etorria eman zien bildu ziren gastronomiazaleei eta eskertu zuen herriko kofradiak egiten duen lana Senpereko amorroina ezagutarazteko auzo lurraldeetan barna. Gisa hortan, Christine Bessonartek erran du Turismo Bulegoak eta kofradiak elkarlana haundituko dutela. Hemendik goiti, Senpereri buruzko informazioa eta iragarkiak banatuko ditu kofradiak urte osoan egiten dituen bidaien eta bisiten karietarat. Ondoko urteetan, proiektu berriak elgarrekin egitea ez du baztertzen Peio Aincy turismoaz arduratzen den herriko kontseilariak.

Hogoita bortzgarren bestan bildu ziren gonbidatuen izenak aditzean jateko eta edateko gogoa etorri zitzaion bat baino gehiagori...Bidarteko txipiroia, Ezpeletako piperra, Bidasoako izokina, Beasaingo odolkia, Tolosako babarruna, Madiran, Baionako xingarra… denak ekoizpen onak eta aipamen hutsak gosea ematen dutenak! Lehen aldikotz, Kanboko euskal pastizaren kofradiak parte hartu zuen Senpereko biltzarrean.

Akitaniako kofradiak ezagutarazteko liburu bat eta diska bat plazaratu dute Jean-Pierre Aren kazetariak eta David Olaizola kantariak: Les Chevaliers d’Aquitania. Obra huni esker, Akitaniako bortz departamentuetako 62 kofradiak ezagutu daitezke, hauen artean Senperekoa. Lan hau berriki agertu dute publikoki Parisko laborantza gelan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun