Martxoaren 30ean, astelehen goizarekin arribatuko da gurera 16. Korrika. Heldu den ortzegunean abiatuko da Tuteratik, Nafarroa hegoaldetik, eta apirilaren 4an finituko Gasteizen, Araban. Euskal Herriko hainbat herritan barna 2.492 kilometro eginen ditu, eta horietariko dozena erdi bat Saran izanen dira.
Eguerdian, 11:45 aldera etorriko da San Inazio Lepotik, eta plazatik pasatu eta gero, Bera aldera eginen du Lizuniagatik. Jadanik herriko hainbat elkartek kilometroak erosi dituzte jende helduen euskalduntzea laguntzeko.
Sara Korrika Trail Jadanik gainean dugu aurtengo denboraldiko lehen lasterketa nagusia. Laugarren urtez segidan Sara Korrika elkarteak antolatu duen 25 kilometroko lasterketa heldu den igandean zortzi izanen da, martxoaren 29an. 9:00etan hasiko da plazatik eta han berean finituko, Larrungo mazeletan ibili eta gero. Ibilbidean barna lasterkariak Atekaleunera upatuko dira, hortik Gondendiagaraino jautsiko, eta ondotik kasik joandako bidetik itzuliko. Antolatzaileak 350 bat lasterkari espero dituzte. Iaz Fernando Etxegarai beratarrak irabazi zuen errekor berriarekin (1:58). Lehen emaztea Oihana Ozkarbebeitia izan zen bi oren eta hogeita hamabi minuturekin.