Kasik mila pertsonek emana dute izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 18a

Sektoreka begiratuz, 531 zerbitzuen arloan, 275 industrian eta 110 eraikuntzan

Oraindik ere goitiko joera du langabeziak. Langabeziaren igoera apaldu egin da otsailean Ttipi-Ttapak hartzen duen eremuan baina goiti eta goiti doa. Zehazki 991 langabek eman zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan otsailean, ilbeltzean baino 16 gehiagok. Beraz, %1,64ko igoera izan zuen langabeziak otsailean, Nafarroako bulego guzien artean ttikiena. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 192 kontratu bakarrik egin ziren otsailean, eta horietatik 32 bertzerik ez ziren izan mugagabeak izan.

Industrian eta eraikuntzan goiti

Lan arloei dagokienez, industrian eta eraikuntzan goiti egin zuen langabeziak eta bertze arloetan, gutti bada ere, beheiti. Denen artean, zerbitzuen arloak dauka, diferentziarekin langabe gehien (531, urtarrilean baino bat guttiago); industrian 275 langabe zeuden, ilbeltzean baino 6 gehiago; eraikuntzan 110 ziren otsailean, aitzineko hilabetean baino 14 gehiago. Nekazaritzan, aldiz, beheiti egin zuen. Ilbeltzean 20 langabe ziren eta otsailean 18. Aitzinetik lanik topatu ez zutenak 57 ziren otsailean, urtarrilean baino 1 guttiago.. Hego Euskal Herrian, berriz, 6.564 lagunetan hazi zen langabezia azken hilabetean, eta Nafarroaren kasuan %2,6 egin zuten goiti datuek: 1.004 gehiago gelditu ziren lanik gabe.

Adina eta sexuari dagokionez, tarte guzietan goiti egin zuen langabeziak otsailean, 25 urtez beheitiko gizonezkoetan izan ezik. Ilbeltzean baino bi guttiago zenbatu ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan.

EREa Elkar enpresan

Berako Talleres Mecanicos Elkar enpresan ere EREa aurkeztu dute. Otsailaren 17an jakinarazi zien enpresak langileen ordezkariei, eta orain erabakia Nafarroako Gobernuaren esku dago. ERE horrekin 11 langile kaleratuak izanen ziren, hasieran 14 botako zituztela iragarri arren. Gaur egun, 25 langile ditu enpresak baina 2008ko urria arte 34 izan zituen. Geroztik, plantilaren %70 bota duela salatu dute ELA eta LAB sindikatutik. Lantegi honetan, lan mekanikoak egiten dira enpresa batzuetako mantenimenduarekin. Zehazki, mantenimendu lanak gehien bat Lesakako Arcelor lantegian egiten da eta lantegi hau da azken urteetan lan eta diru-iturri nagusia enpresarentzat.
Elkar enpresaren arabera, Arcelorren lana jautsi dela-eta hartu behar dute neurri hau. Baina Enpresa Batzordea osatzen duten ELAko bi ordezkariek eta LABeko bakarrak ezetz erran diote EREari «erabat neurrigabea» dela iritzita. Enpresak egiten dituen kontuak zalantzan paratu dituzte, «diotena baino lan gehiago dagoela eta egonen dela pentsatzen dugulako».
Martxoaren 2an greba hasi zuten langileek enpresarekin adostasunik ez zutelako lortu, baina gerora bertan behera gelditu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun