7.950 euro kostako dira Elizako erlojua mekanizatzeko lanak

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 18a

TTIPI TTAPA

Iruñeko San Martin erloju-denda arduratuko da zaharberritze elektronikoa egiteaz

Herriko erlojuaren zaharberritze elektronikoa. Izen horrekin aurkeztu du Udalak Elizako erlojua mekanizatzeko proiektua Nafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, zuk erabaki egitasmoan. Lanak egitea 7.959 euro kostako da.
Asmoa aurrera ateratzeko, herritar guztiei oharra bidali zaie, Nafarroako Kutxan kontua dutenek euren laguntza eman dezaten behar den inprimakia betez. Ez da deus ere ordaindu behar.

Herritarrentzat garrantzi berezia

Ezkurraren historian, betidanik garrantzi haundikoak izan dira Elizako kanpaiak eta dorrean dagoen erlojua.
1722an herriko jauntxoari aurre egin, eta erretaula nagusia zaharberritu nahi izan zuten bizilagunek. Urte hartako maiatzaren 11n alkateak herri guztia bildu zuen plazan kanpaien doinuen bitartez, eta Santa Carako markesaren kontrako auzia irabazia zela adierazi zuen. 1816ko ilbeltzaren 17an, kanpaien bidez, herritarrak eta Udala Herriko Etxean bildu ziren eta erlojua hondatua zegoela jakinarazi zieten errejidoreari. Herritarrak eta bisitariak kaltetuak izan ez zitezen, erloju berria paratzea erabaki zela ere orduan adierazi zieten. Gastua Udala eta Elizaren artean erdi bana egitea adostu zen.
Obra Beteluko erloju-konpontzaileari agindu zitzaion, 300 pesoren truke.
1957an Joakin Erbiti erloju-konpontzaileak gaur egun dagoen erlojua jarri zuen martxan eta oraingoa Iruñeko San Martin erloju-dendak ordezkatu du erloju mekanizatua jartzen duenean.

Bi herritarren lana

Erloju mekanizatu berria instalatzen den egunean, Dioni eta Jose Fermini esker onezko omenaldia egitea ez litzateke gaizki egonen. Lehenengoari egunero-egunero Elizara joan eta goizean 8:00etako kanpaiak, 12:00etakoak eta ilunabarrekoak jotzen dituelako. Ohitura hori gure herrian bakarrik mantendu da. Jose Fermin, berriz, erloju zaharrak behar bezala funtziona dezan arduratu izan da, eta astean bitan dorrera joan pesak igo eta makineriaren engranajea koipeztatatu izan du.
Bi herritar hauei esker, meza edo bestelako gertaera bereziak, hileta-elizkizunak, adibidez, noiz diren jabetu izan gara gainerakoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun