Urrotzen, azken aldian bezala uholdeak izaten direnean, ez dagu errekak gainezka egiteko arrisku haundirik, herrian zelai gutti baitago. Hala ere, kalte batzuk sortu zituen, gehien bat lubiziak edo lur mugimenduak. Normalki lur azpitik joaten den erreka zatitxo bat agertu egin zen, errate baterako, edo belagi bateko zati haundi bat arraildu eta mugittu. Baina bertze gisara, Leurtzako urtegietako inguruan ere izan da saltsarik.
Aitzineko aldiren batean gertatu bezala, bide azpitik igarotzen den hodi bat trabatu, eta ura bere zabor guziekin bidearen gainetik joan zen. Honetan aldaketarik bazegoen, ezinduentzat egin zen ibilbidearenak, alegia. Ibilbide horretan dagoen espaloi gisako hesi ttikiak zaborrei eutsi zien, eta dena sarrerako zelaian pilatu zen, argazkian ikus daitekeen gisan.
Eztabaida Leurtzaren inguruan
Leurtzakoaren haritik, eztabaida edo guttienez solas egin da Urrotz eta Beintza-Labaiengo Udalen artean, inguru hartan dagoena baino aktibitate gehiago paratu ala ez erabakitzeko. Momentuz, dagoen bezala segitzea erabaki da, eta hainbat kirol jarduera eskaintzeko Malerrekako enpresa batek egin zuen eskari bati uko egin zaio.
Nafarroako Gobernuarekin solastea erabaki zen, Caixaren dirulanguntzaz egin zen ezinduentzako ibilbide hori dela-eta, dexente haundituko diren mantenimendu gastuei aurre egin ahal izateko, diru gehigo eskuratzeko asmoz. Orain arte Nafarroako Gobernuko Ingurugiro Sailak 37.000 euro inguru ematen ditu urtero mantenimendu gastuetarako. Halere, badirudi Turismo Departamentuak ere hainbat asmo dituela Leurtzarako, eta hortaz ere aritu beharko de gerora begira.