Etxe zaharrenei izena eta eraikitze data dituen plakak paratu dizkiete

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 18a

Horretarako, Gobernuaren dirulaguntza jasoko du Udalak

Arrabitenea 1574koa da, Maribergaranea 1592koa, Matxilenea 1607koa, Martizenea 1568koa… Datu horiek emanez, etxearen izena eta noiz eraiki ziren paratu dituzte etxe zaharrenen ate ondoetan. Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuaren deialdi bati erantzunez, Udalak seinalizazioak paratzeko dirulaguntza jasoko du eta horrekin paratu ditu plakak etxerik zaharrenetan, Josu Goldaraz apaiza zena eta Madrilen bizi den Caridad Larregla doneztebarraren jakinduriari esker. Plaka horiez gain, Udalak panelak ere egin ditu. Herriko planoa eta karrika bakoitzean plaka zein etxek duen ageri dira panel horietan. Hirugarren egitasmo bat ere egitekotan dira Herriko Etxean. Herri sarreran panel haundi batzuk paratu nahi dituzte, Miguel San Miguel alkateak ttipi-ttapari adierazi dionez, «turismoa indartzeko helburuarekin». Panel horietan Doneztebeko zerbitzuen berri emanen da.

Aurrekontua

12.000 euroko aurrekontua izan dute lanek, eta subentzioa %60 ingurukoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun