Ortzegun honetan, martxoak 19, San Jose Egunean, 150 urte beteko ditu Etxalarko San Jose Zurginaren Kofradiak.
Gazte eta ez hain gazte aunitzek seguru sekula ez dutela aditu Kofradia honen inguruko berririk, baina tradizio luzeko Kofradia da, belaunaldiz belaunaldi pasatzen joan dena.
Jabier Indaburu eta Teodoro Iribarren arduradunak
Mendeurrena ospatzeko egin zutenean bezala, mende bat eta erdi betetzea ere modu haundian ospatuko dute. Gaur egun 88 lagun biltzen ditu Kofradiak eta martxoaren 19arekin elkarteko kontuak egiten dituzte.
Jabier Indaburu eta Teodoro Iribarren dira San Jose Zurginaren Kofradiako arduradunak.
Meza, argazkia eta bilera
Eguna goizean, 11:30ean abiatuko dute, hildako bazkideen omenez eginen den mezarekin. Normalean Bestaberri egunean bakarrik ateratzen den bandera paratuko dute Elizan, urte berezia delako eta, ondotik, Elizako atarian argazkia aterako dute, egun berezi horren oroigarri gisa. Bazkide batzuk herritik kanpo bizi dira eta zaila izanen da denak biltzea, baina ahalik eta gehien bildu nahi lituzketela aipatu digu Jabier Indaburuk.
Eguerdian, 13:30-ean Elutsa ostatuan elkartuko dira, urteroko gastuak kobratzeko eta elkarteari buruz solasteko. Jabier Indaburuk eta Teodoro Iribarrenek 25 urte daramazkite arduradun lanetan eta txanda emateko tenorea ailegatu dela pentsatzen dute.