2009an, aurreko urteetan bezala, orrazkera bilduak dira gehien ikusiko direnak, forma eta estilo guztietan: motots altuak aurpegi guztia agerian utziz, motots nahasiak aurpegira erortzen diren ile-xerlo solteekin, garondoan bildutako orrazkera xumeak eta txirikordak. Gehienetan orrazkera hauek tiara, diadema, zinta, lore edota kapeluekin apainduak agertuko dira.
Dena den, motots altuak eta txirikordak izanen dira guztien gainetik nagusituko diren orrazkera bilduak. Motots altu sofistikatu zein sinpleak ikusiko ditugu eta txirikordak forma guztietan: txirikordez betetako mototsak, txirikorda luze kiribilduak edota txirikordak diadema moduan jarriz. Azken orrazkera hau izanen da 2009ko ikusiena.
Estiloei dagokionez, kutsu erromantikoa duten orrazkerak indar handia izanen dute. Estilo erromantikoa ile orrazkera guztietan ikusiko dugu, bildu gabeko orrazkeretan baita, ile leuna, ondulatu edota kizkurretan. Ukitu erromantiko hori, batez ere uhinduren bidez eta ilea loreekin apainduz lortzen da.
Ile osagarriei dagokionez, aipatutako loreez gain aurtengo tendentzia diademak izanen dira. Hauek orrazkerei dotoretasuna ematen diote eta diseinu desberdinetakoak izan daitezke: diadema sinpleak, arri bitxiz betetako tiara edo koroak, edota zinta formakoak. Aipatzekoa da errezelak aurreko urteetan baino gehiago ikusiko direla.
Hala ere tendentziak jarraitzea baino garrantzitsuago izaten da orrazkerak andregaiaren estilora egokitzea eta soinekoarekin bat etortzea, andregaiaren edertasuna eta feminitatea agerian jarriz.