Senargaien jantziak

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 18a

Bulego-trajea nagusitzen da aurten, urte osorako egokia baita

Senargaien aurtengo jantzietan klasizismoa eta abangoardia nahasten dira, tradizioa eta modernotasuna elkartzeko asmoarekin. Beraz, 2009ko senargai jantziek oinarri klasikoa izan arren, gaur egungo modaren ikuspuntutik diseinatuak egonen dira.
Bulego-trajea nagusitzen da aurten, denboraldi guztietarako egokia baita. Oihalei dagokionez, satinatua nagusi da, marra eta distira jokoak sortuz.

Jakak beste urteetan baino luzexeagoak, 5 zentimetro, eta neurrira egokituak, estuagoak eramanen dira. Jaka gehienak bi botoi eramanen dituzte eta zirritu (irekidura) txiki bat edukiko dute.
Atorretan zuria gailentzen den kolorea da, nahiz eta beste tonuetako kolore argiak (bainila, berde argia,…) ikusiko diren. Txalekoetan, aurten aldaketa nabarmenak egonen dira. Aurreko urteetan trajearen kolore berdinekoak izaten ziren moduan, 2009an txalekoak gorbataren kolore berdinekoak edo antzekoak izanen dira.
Senargai jantzien koloreei dagokionez, kolore ilunekoak nagusi izaten jarraituko dute, nahiz eta distira eta kolore ukitu gehiago edukiko dituzten. Gainera, txalekoak tonu pasteletan eramango dira, trajearekin kontrastea sortzeko.
Osagarriei dagokionez, urre koloreko mahuka-bikiak protagonistak izanen dira. Oinetakoetan zapata beltzak lokarriekin nagusituko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun