ANDREGAIEN SOINEKOAK

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 18a

Ezkontza egunean andregaiaren soinekoak biltzen ditu begirada guztiak eta argazkilarien flashak. Horregatik andregaiak denbora ugari eskaintzen dio soinekoa aukeratzeko lanari. Ongi hartu beharreko erabakia izaten da.
Egia da gaur egungo eskaintza anitza eta estilo guztietakoa dela. Hala ere, urtero tendentzia bat nabarmentzen da bertze estilo eta ezaugarrien gainetik, eta andregaiek denboraldiko joera edo tendentziari arreta handia jartzen diote.
Aurtengoan inspirazio flamenkoa nagusi izanen da. Hala ere, bertze bi estilok ere presentzia handia izenen dute 2009 andregaien soinekoetan: alde batetik uhandreen silueta iradokitzen duten soinekoak (estuak belaunetaraino, gerria markatuz eta belaunetatik behera bolumen eta luzera handiko dandarrak dituztenak) eta beste aldetik, heleniar estilokoak (greziar garaiko tuniken itxura hartzen duten soinekoak). Aurtengoan erabat desagertzen dira mahukak eta eskoteak nagusi dira forma guztietan, bereziki, uhalik gabeko eskoteak bihotz formarekin eta eskote asimetrikoak. Halter lepoak ere ikusiko dira, lepoaren atzealdean lotuta lepoa agerian utziz edota lepo guztia estaliz, bitxi baten moduan.

2009ko andregai soinekoetan protagonistak honakoak izanen dira: tolesdura eta bolanteak (soinekoei bolumena emanez, bolante tradizionalak, farfailezkoak edota asimetrikoak), loreak (oihal, forma eta neurri guztietan, bizkarreko eskotea itxiz edota xehetasun moduan), lazoak (bizkarreko eskotea itxiz edota xehetasun moduan, lazoak hartzen duen tamainaren arabera, soinekoaren protagonista bihurtu daiteke. Lazoa gerria inguratuz, dandarrean tamaina handian edota eskotea markatuz); gerrikoak (larruzkoak edo zetazkoak, zabalak edo estuak, belarriarekin edo lazo itxurarekin, edota kolorekoak. Gerria nabarmentzeko eta silueta markatzeko erabiltzen dira); aurtengo soinekoak bitxiak eta Swarovsky kristalez apainduak egonen dira, soinekoan zehar edota soilik soinekoaren atal bat nabarmenduz. Farfailezko boleroak zeremonia unean andregaiaren eskotea estaltzeko prenda erabilienak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun