Pediatraren ordezkapenak ezin bete

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 18a

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak Bortzirietan dagoen pediatra bakarraren bajak eta oporraldiak ez ditu ordezko pediatra batekin betetzen. Horrela salatu du Eusko Alkartasunak. EAtik aipatu dutenez, Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakarako pediatra bakarra dago, «dagokion bezalaxe, honek oporrak hartzen ditu edo bajan egon daiteke, baina orduan Gobernuak ez dauka ordezkorik eta bere lana familiako medikuak bete behar izaten du». EAren arabera, «arazo historikoa da, baina azken aldian egoera larritu bertzerik ez da egin eta gero eta gehiago dira Bortzirietan pediatrarik gabe egoten diren egunak». Zerbitzu hori Nafarroako Gobernuak bermatu behar duela uste du EAk eta bajak kudeatzeko duen sistema «onartezina» dela eta «soluzioa lehenbailehen eman behar diola» deritzo. Nafarroako Gobernuak egoera moldatzen ez badu, «Nafarroa Bai taldearen bitartez, ekimen parlamentarioak» aitzinera aterako dituztela adierazi du Eusko Alkartasunak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun