Urtebete igaro da Nasursa hirigintzari buruzko laguntza ematen hasi zenetik

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 18a

Argazkia: ONDIKOL - Otsailaren 24an inauguratu zuten Baztan-Bidasoako Nasursaren bulego berria Donezteben. Ekitaldian, bertzeak bertze, Jose Carlos Esparza Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurrald

Baztan-Bidasoako herritarrei zerbitzu publikoa ematen die Donezteben

Etxeak eraberritzeko dirulaguntzak kudeatu eta Udalei hirigintzari buruzko aholkularitza teknikoa eman. Bi eginbehar horiexek ditu Baztan-Bidasoako Nasursak. Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren mende dagoen enpresa publikoa da Nasursa eta Nafarroan 1999an sortu bazen ere, joan den urtean ailegatu zen eskualdera. Urtebetean Doneztebeko Juansenean egon da bulegoa, baina orain bulego berria du, Doneztebeko Merkatarien Karrikan, Udaletxearen parean. Baztan-Bidasoako 21 herritako bizilagunentzat ari dira lanean, eta horrez gain, 12 udalekin hitzarmena dute herriko hirigintza kontuak kudeatzeko. Poliki-poliki zabaltzen ari dira eta azken urte honetan jaso duten jendearen erantzuna ere ona izan da. Hala, urtebetean etxeen zaharberritzei buruzko 168 ahozko kontsulta atenditu dituzte eta 108 etxebizitzari zegozkion 56 espediente tramitatu dituzte. Nafarroako Gobernuak 444.646,11 euroko dirulaguntza eman du etxe horiek zaharberritzeko eta Udalek eskatuta 90 hirigintza espedieinte tramitatu dira.

Doneztebeko Merkatarien Karrikako bulegoan topatu dugu Nasursa entitate publikoko lantaldea, bakoitza bere zereginean. Bortz langile dira: Eduardo Vicente arkitektu eta bulegoko arduraduna, Xabier Urtiaga arkitektua, Roberto Perez aparejadorea, eta Edurne Huizi eta Alvaro Pinillos administratzaileak. Arkitektuek hirigintzari buruzko aholkularitza zerbitzua eskaintzen diete udalei, eta aparejadoreak eta administratzaileek herritarrek etxebizitzak zaharberritzeko jaso ditzaketen dirulaguntzak kudeatzen dituzte. Baztan-Bidasoako herrietan bi zerbitzu horiek eskaintzen ditu Nasursak oraingoz, baina etorkizunera begira, baliteke bertze zeregin batzuekin ere hastea. Hala adierazi digu Eduardo Vicente arduradunak.

Eskualdeko 12 udalek dagoeneko Nasursarekin eramaten dituzte hirigintzako aferak: Bera, Lesaka, Igantzi, Bertizarana, Doneztebe, Elgorriaga, Donamaria, Oitz, Urrotz, Beintza-Labaien, Zugarramurdi eta Urdazubik. «Beharra, beraz, argia zen», dio Vicentek. «Inguru hau nahiko isolatua dago eta askotan teknikariak lortzeko arazoak izan dituzte udaletxeetan. Kanpoko arkitektu batekin lan egitera behartuak egon dira».
Bortziriak, Baztan, Malerreka, Bertizarana, Urdazubi eta Zugarramurdiko herritarrei etxebizitzak zaharberritzeko laguntza ematen dien Nasursaren zerbitzuak ere estimu haundia jaso du. «Edozeinek bere etxea berritu nahi badu, honat etor daiteke», dio Doneztebeko arduradunak. «Dekretu baten bidez banatzen dira laguntzak eta hori kudeatzen da hemen. Herritarrengandik hurbilago gaude».

Kezka nagusia:teilatua berritzea

«Teilatuak nola berritu». Hori omen da etxebizitza eraberritzeko kontuetan jendearen buruhausterik nagusiena. Etxebizitza berria egin nahi dutenen kezkaz ere galdetu diogu Vicenteri: «etxea egin daitekeen ala ez jakitea», erantzun digu Eduardok. Izan ere, «inguruan ohikoa da eremu ez urbanizagarrian etxebizitzak eraikitzea. Legearen arabera, ordea, etxeek isolatuak izan behar dute, eta Gobernuak dio etxeak egin eta egin, azkenean auzoak sortzen ari direla. Etxebizitza bakoitzak 1.500 metro koadro behar ditu inguruan –herri bakoitzeko araudiaren arabera, kopurua altuagoa izan daiteke–, baina horrela, auzo ttikiak ari dira sortzen eta hori ez du onartzen». Hori da eskualdean dagoen arazo haundiena.
Eta Udalak zerk arduratzen ote ditu? Kasu bakoitza diferentea da. «Zenbait tokitan eraikitzeko gogoa dago eta Udalaren kezka hori nola antolatu da. Bertze zenbait tokitan, aldiz, udaletan ez da eraiki nahi baina inguruak hustutzen ari dira eta ez dakite nola egin horri aurre». Udalekin lanean hasi diren honetan, hainbaten hirigintza plana «zaharkitua» aurkitu dutela ere aitortu digu Vicentek, eta planak eguneratzen hasi omen dira batzuk.

Ordutegia

Astelehenetik ortziralera, 9:00etatik 14:00etara Doneztebeko bulegoan egoten da Nasursako lantaldea, eta astearte eta ortzegunetan, 15:30etik 17:30era ere bai. Horrez gain, Beran, hilabeteko lehen eta hirugarren asteko asteazkenetan Herriko Etxean izaten dira (8:00-12:00) eta denborarekin baliteke Baztan eta Lesakara ere joatea. Ordua aitzinetik har daiteke, baina ez da nahitaezkoa.
Edozein zalantza dela ere, lasai deitzeko adierazi du Vicentek: «ez da deus ere kostatzen dei bat egitea, eta zein laguntza dauden galdetzea». Interesatuentzat telefonoa: 948 456103.

Laguntzak

Etxea zaharberritu nahi duenarentzako hainbat dirulaguntza deialdi egiten dira. Batzuk ohikoak dira eta bertze batzuk momentu jakinekoak: · Ohiko dirulaguntzak: urte osoan eska daitezkeenak dira eta errenta izaten da kontuan hartu beharreko baldintzetako bat. Berritu nahi den etxea bertan bizitzeko izan behar da edo errentan emateko. Laguntza obrak hasi aitzinetik eskatzea ezinbertzekoa da.
· Aparteko dirulaguntzak: Gobernuak kopuru eta epe jakin bat paratzen du eta hortik aitzinera ez dago dirulaguntza lortzeko aukerarik. Duela gutti, adibidez, energia kontsumoa murrizteko obrak subentzionatzeko deialdia egin zuen Nafarroako Gobernuak. Momentu honetan, ordea, ez dago aparteko dirulaguntzarik. Dena den, aipatzekoa da,Etxebizitzaren alorrari bultzada emateko Gobernuak 2011ko abenduaren 31 bitarte indarrean mantenduko duen deialdia. Etxebizitza bakoitzeko gehienez 3.000 euroko dirulaguntza emanen du, beti ere, etxebizitzak 15 urte baino gehiago baldin baditu eta laguntzaren eskaera egiten duena hor bizi bada. Etxe barruko obrak baino ez ditu subentzionatuko deialdi honek eta laguntza jasotzeko, guttienez 4.000 euroko aurrekontua duen proiektua aurkeztu behar da. Bertzalde, bikoiztu eginen ditu etxeak berritzeko laguntzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun