Baztan-Bidasoako LAB sindikatuak manifestazio deialdia egin du apirilaren 3an, arratsaldeko 7etan Lesakan eta bertara deitu ditu langile guziak “patronalaren eraso bortitz honen aurrean planto egin eta espediente gehiago ez ditugula onartutako errateko ozen eta argi”.
«Krisi ekonomiko sakonean murgilduak»
LAB sindikatuak astearte eguerdian egindako hausnarketaren arabera, “azkeneko hilabetetan krisi ekonomiko sakon baten aitzinean gaude murgildurik, mundu mailako krisi bat gure eskualde hau bete betean jo duena. Zoritxarrez ERE famatuak gero eta gehiago zabaltzen ari dire eta kaleratzeak ere aunitz dira”. Koldo Saenz, LABeko ordezkariak aipatu duenez, “Hidrorubber lantegian 18 langile daude sei hilabeteko espediente batean; Funveran maiatza arte 58 eguneko erregulazioa zeukaten 188 langilek, Conposites Gurean eta Palmaderan 65 langile daude ERE batean uztaila bukatu arte, Aparanen 2009 osoa egonen dira 37 langile erregulazio espediente batean, Irigoien zerrategian zortzi pertsona egon dira hiru hilabetez erregulazioan eta berriki luzatu dute eta Elkarren hameka langile kaleratzeko espedientea dago Nafarroako Gobernuak erabakitzeko esperoan”.
«Enpresek dirua barra-barra irabazi dute azken urteetan»
LABen hitzetan, egoera ekonomikoa ona zenean, enpresa hauek urteetan egon dira dirua barra-barra irabazten, bitarte horretan lan baldintzak eta soldatak hobetu beharrean okertu direlarik. Zenbait adibide ere paratu ditu LAB sindikatuak: “Funverak azken 3 urteetan 6 milioi euro irabazi zituen, Hidrorubberrek 4,5 milioi euro, eta Composites Gureak lau urtez 5 milioi euro. Orain, enpresek diru guttiago irabazten dutenean, langileon eskubideen kontura mantendu nahi dituzte haien irabaziak, Nafarroako Gobernuak espedienteak onartzen dituela jakin badakitelako eta langileak laguntzeko neurriak hartu beharrean enpresarioen aldeko neurriak hartzen dituela badakitelako”.
«Gure planteamenduari ezezkoa eman dio ELAk»
Egoera honetan LAB sindikatutik hausnarketa bat egin ondotik, kalera ateratzeko garaia dela ikusi dute, “erasoaldi bortitz honi erantzun eta langileen eskubideak aldarrikatzeko”. Batzar batean plangintza bat osatu zuten, herri batzarrak egin dituzte, udaletan mozioak sartu eta hau dena osatzeko, hilabete bukaeran langileen martxa egiteko asmoa zuten. Hau dena modu zabal batean egitea pentsatua zuten, LAB sindikatutik haratago joanen zen mobilizazio bat antolatuz. Horretarako ELArekin harremanean jarri ziren, baina, Joseba Indabere LABeko ordezkariak aipatu duenez, “zoritxarrez gure planteamenduari ezezkoa eman zion ELAk, bere kanpainarekin jarraituko zuela erranez”. LABen iritziz, erabat salagarria da eta erabateko konpromezu eza erakusten du ELAk, “eskualde osoari eragiten dion egoera honek langileen erantzun bateratu bat eskatzen duelako sindikatu bakoitzaren kanpainak eta interes partikularrak alde batera utzita. Langileek eta gizarteak ere erantzun bateratu bat eskatzen dute, zoritxarrez ELAren jokaerarengatik ezinezkoa izanen dena, bere interes partikularrei begiratzen baitio”.
Jarrera aktiboarekin segitzeko asmoa
Koldo Saenzek argi utzi nahi izan du LABek bere “jarrera aktiboarekin segituko duela espediente hauen kontra. Langileek sortu ez dugun krisia guk ordaintzea nahi dute eta horretarako parean izanen gaituzte, denboraldi baterako espediente hauen ondoren jakin badakigulako kaleratzeak planteatzen dituela enpresak, Funverako kasuak erakusten digun bezala”. Espediente aunitz Nafarroako Gobernura akordio bidez ailegazea ere salatu du LABek, “sindikatu batzuk espedientea onartu eta sinatu egiten baitute, baina LAB ez da joku horretan sartuko”. Beraz, LABek apirilaren 3ko manifestazio horretarako deialdia egin du.